Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jendetza bildu zen San Andres elizaren inguruko hitzaldian

2024/12/11
Teilatupearen eraberritze-proiektua egingo duten arkitektoek eman zituzten azalpenak.

Azaroaren 27an Portaleko Areto Nagusia bete egin zen parrokiaren egoeraren inguruko azalpenak entzuteko. Elizan gertatzen ari dena eta gertatuko dena azaltzeko, proiektua aurrera eramango duten arkitektoak etorri ziren Eibarrera.

Pertsona hauek hartu zuten parte ekitaldian: Jon Iraola, Eibarko alkatea; Pedro Laskurain San Andres elizako parrokoa, eta Sergio Quintana arkitekto teknikoa, Gotzaindegiko ordezkariak;  Aitor Zubia, Zetabi Arkitektura;  eta Josu Benito, Teknaliako teknikaria.

Jon Iraola alkateak eman zion hasiera ekitaldiari, egoera kokatuta. Hasieratik azpimarratu nahi izan zuen Udalak kultur ondarearekiko duen konpromisoa, eta Hirigintza Sailak eta Ego Ibarrak abiarazi duten eraikinen 3D kartografia jarri zuen adibidetzat. San Andres eliza izan zen kartografiatzen lehena; alde batetik, beharrezkoa zelako eraberritzearen proiektua aurrera eramateko; eta bestetik, ondarea digitalizatzea kontserbazioaren eta zabalkundearen tresna baliagarria delako.

Bigarrenez, Gotzaindegiaren ordezkariek hitz egin zuten. Orain arte elizan inbertitu den diruaren berri emateaz gain (500.000 € inguru), erakundeen eta eibartarren laguntza eskertu, eta Gotzaindegiak ondareari ematen dion garrantzia aldarrikatu zuten.

Ondoren, arkitektoen txanda izan zen. Dakigunez, 2023ko urtarrilaren 19an gangako dobela bat jausi zen koroaren gainean. Aldundiak eta Gotzaindegiak, urgentziaz, Zetabi Arkitekturako profesionalak kontratatu zituzten harri hori birkokatzeko. Baina, beharrezkoa zen erorketa horren arrazoia zein izan zen jakitea. Hori dela eta, ikuskaritza egin zen, eta konturatu ziren teilatupeko egurrezko egituraren egoera ez zela batere ona.  Herritarren segurtasuna bermatzerik ez zegoenez, eliza ixteko erabakia hartu zen.

Itxita egon den bitartean eraikinaren mugimenduak neurtu dituzte, eta, dirudienez, era normalean mugitzen da (eraikinekin normalean gertatzen den moduan).  

Teknaliako Iosu Benitok egurrezko estrukturan agertu diren anomaliak aurkeztu zituen: suteak, termitak, hezetasuna, onddoak eta birmoldaketa desegokiak. Azaldu zuenez, egurrezko egiturak ezin ditu elizaren gangak ukitu, baina urteetako anomalia horiek direla eta,  mugitu egin da eta kasu batzuetan zenbait ganga ukitzen ari da. Ikerketa egin ondoren, 138 patologia aurkitu dira.

Termiten presentziaren adibidea
Termiten presentziaren adibidea

Aitor Zubiak, Zetabi arkitekturako kideak, Bergarako elizaren adibidea erakutsi zuen, Eibarko Parrokian egingo dena azaltzeko. Sabai osoa desmuntatu behar da, piezaz pieza plazara jaitsi, eta han zaharberritu. Momentuz antzinako egurrezko estrukturak lantzeko modua ezagutzen duten profesionalak badaudela azaldu zuen, baina lanbide horri eustea gero eta zailagoa izango da. Helburua jatorrizko egitura berreskuratzea eta mantentzea da, ahalik eta interbentzio gutxien eginda. Gaur egun, Bergarako San Pedro elizako teilatupea bisitatzeko aukera dago; Eibarren antzerako zerbait egin nahi da. Hainbat analisi egin ondoren, datu interesgarri bat eman zuen arkitektoak: egituraren egur batzuk XIII. mendekoak dira.

Azkenik, herritarrek hainbat galdera egin zituzten. Horiek erantzunez, obraren gastua 1.500.000– 2.000.000 € ingurukoa izango dela azaldu zuten, eta  kudeaketa administratiboa kontuan izan gabe (dirulaguntzak, esleipenak…), obraren iraupena urte eta erdiko izango dela.

San Andres eliza eraberritzen 2024 (02)
Azaroaren 27ko hitzaldia

Dokumentuaren akzioak