Jesus Gutiérrez eibartarraren "Urriko Iraultza Eibarren: 1934ko urriaren 5eko gertakariak" hitzaldia Ego Ibarraren Youtube kanalean jarri da
1934ko urriaren 5ean Gobernuaren kontrako iraultza bat gertatu zen. Espainia osoan altxatzekoak ziren, baina azkenean Asturiasko meatzetan, Katalunian, eta Eibarren izan zuen indar handiena. Euskadin, Eibarren izan ziren gertaera latzenak, Arrasaterekin batera. Gure herrian iraultzak garrantzi handia izan zuen; 23 eskuadra zeuden insurrekzioan parte hartzeko gertu, eta haietako bakoitzean hamar pertsona zeuden bi agintariren mende.
Jesús Gutierrezek, La insurrección de octubre de 1934 y la II. República liburuan, balantze gisa, hauxe aipatzen du: Eibarren zazpi hildako eta zauritu ugari izan ziren, 300 bat atxilotu, eta askok Frantziara eta Errusiara erbesteratu behar izan zuten. Udaletxean egin zizkieten tortura gogorrak jasan ondoren, parte hartu zutenetako askok hamasei hilabete eman zituzten Iruñeko kartzelan (238 auzipetu Udal Artxiboko datuen arabera). Hauteskundeen ondoren, 1936ko otsailean, gobernuak amnistia bat dekretatu zuen, eta iraultza armatuan parte hartu zutenak libre geratu ziren.
Gutierrezek dio gertaera haietan parte hartu zutenetako askok ez dutela hura oroitzen zerbait heroiko gisa, baizik eta desenkantu antzeko batekin. Askok diote inozente samarrak izan zirela arrakasta izateko aukera gutxi zuen ekintza baten parte hartzean.
Hitzaldia gaztelaniaz izan zen eta bideoan euskarazko azpitituluak egin zaizkio.
Dokumentuaren akzioak