Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jesus Gutierrezek “La revolución de octubre de 1934 en Eibar" izeneko hitzaldia emango du Armeria Eskolan, urriaren 14an, 19:30ean, “Eibartik Eibarrera” izeneko zikloaren barruan.

2021/10/07
Eibartar historialariak “La insurrección de Octubre del 34 y la II República en Eibar" izeneko liburua idatzi zuen 2001. urtean.

“La hora de recreo de los presos eibarreses en la prisión de Pamplona”. Egilea: Luis Marcano. Agiria: Eibarko Udal Artxiboa.

Tradizio sozialista eta iraultzaileko armaginen herria izateak gobernuen mesfidantzaren jomuga eta mugimendu insurrekzionalen erreferentzia bilakatu zuen. Eibarrek altxamendu armatu batean parte hartu zuen, Euskal Herrikoen artean ondorio larrienak eragin zituena: zazpi hildako, zauritu asko, hiru heriotza-zigor (ez ziren bete), 300dik gora atxilotu, kartzela-zigor luzeak (1936an amnistiatuak), eta erbesteratu ugari. Hori da Juan Madariaga Orbeak "La insurrección de Octubre del 34 y la II República en Eibar" liburuaren aurkibidean dioskuna.

Jesus Gutierrez Arosak hainbat artxibo eta dokumentazio aztertu zituen eta ahozko testigantza ugari bildu, gertaera haien nondik norakoak fideltasunez jasotzeko.

Historialariak, hitzaldian, iraultza haren aurrekarien eta testuinguruaren berri emango digu, altxamenduak gure herrian izan zuen garrantzia ulertzeko. Garai hartan Eibarrek konpromiso eta ilusio handia zuen Errepublikarekiko, izan ere,  1931eko udaberritik 1933ko azarora arte, oso neurri aurrerakoiak hartu ziren: emakumeen eskubideak, estatu laikoa, erreforma militarra…

1933ko hauteskundeetan, baina, eskuina garaile atera zen, eta ordura arte garatutako lege-aldaketen ondorioak murrizten saiatu ziren. 1934ko iraultza erantzun bat izan zen egoera horren aurrean.

Asturiasen izan ziren gertaera gogorrenak, baina Katalunia eta Euskadi ere lehen lerroan egon ziren.

Jesus Gutierrezek bere hitzaldian Eibarren zer gertatu zen kontatuko digu Armeria Eskolako areto nagusian. Hitzaldia gazteleraz izango da.

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte