Jose Kareaga (1930-2008) artista eibartarraren lanen erakusketa Portalean
Jose Kareaga Guridi
Erakusketa horretan Jose Kareagak egindako lanaren zati bat izango da ikusgai, batik bat, haren margolanak eta grabatuak. Olioan pintatutako margolanek hartuko dute Portaleko erakusketa-aretoaren zatirik handiena, baina akuarelek, marrazkiek eta arkatzez egindako lanek ere beren tokia izango dute. Katalogoak, prentsa-dosierrak, argazkiak eta laneko erreminta asko ere bertan izango dira ikusgai.
Jose Kareaga Guridi (1930-2008)
Maria Angela (Errebal) kalean jaio zen, 1930eko martxoaren 9an. Gurasoak, Mateo Careaga grabatzaile aparta eta Justina Guridi. Cayetano Careaga grabatzaile handiaren Jose bilobari etxetik zetorkion artearekiko grina.
13 urterekin lehen urratsak eman zituen modelatuan eta grabatugintzan, aitaren grabatu-tailerrean. Armeria Eskolan sartu zen 16 urterekin, eta algebra, marrazketa industriala eta bestelako ezagutzak bereganatu zituen hiru urtez.
Gazte zela, Donostian, probintzia mailako lehen saria lortu zuen argizarizko modelatuan eta igeltsuzko molde-lanetan. 18 urterekin eta teknika berberean, estatu mailako Ohorezko Aipuaren saria eman zioten, Madrilen. Grabatzaile fina, aipatzekoak dira medailagintzan, trokelgintzan, ohorezko plaketan eta bitxigintzan egin zituen lanak.
1994an, eta grabatuan bizi osoan egindako lana eskertzeko, Gipuzkoako Ganberak Diploma bat eman zion lanbide horretan izandako ibilbideagatik.
Mundura arteak liluratuta heldu zen; naturak sorginduta. Kareagak ondo gogoratzen zuen, gerratik ihes, nola iritsi zen Bilbora familiarekin eta han zer-nolako zirrara eragin zion Bilboko Areatzan margotu eta bere lanak saltzen zituen kaleko pintore baten lanak: Bay-Sala handia 19 urterekin, Miguel Marañon pintorearen akademiara joaten zen Bilbora eta han ikasi zuen marrazkiak ikatzez egiten. Eibarko margolari gazteekin jarri zen harremanetan: Paulino Larrañaga, Ignacio Iraegui, Dunixi Murua… 1966-1974 aldian, Sociedad de Artistas Eibarreses sortu zuten, hainbat jarduera egiteko, baina, batik bat, arte plastikoak hedatzeko xedez. 1974. urtean eratu zuten Eibarko Artisten Elkartea, eta elkarte hartako aurreneko presidente izan zen. Urtero, hainbat artista entzutetsuren erakusketa monografikoak antolatu zituzten: Arrieta, Zuloaga, Macarrón, Carlos Elguezua, Menchu Gal, Olave…
Aire libreko pintura lehiaketetan hasi zen parte hartzen, Gipuzkoan eta Bizkaian. 1961ean, 31 urterekin, hirugarren saria lortu zuen Gipuzkoako Artista Hasiberrien lehiaketan. Handik aurrera eta 1973 urtera arte, 17 sari eman zizkioten hainbat lehiaketatan.
400 oleo baino gehiago margotu zituen bizitzan zehar eta banakako zein taldeko erakusketetan egon dira ikusgai.
Jose Kareagak sormenerako zuen berezkotasun horri damaskinatugintzaren alde egin zuen lan eskerga gehitu behar zaio, Museoa sortzearen alde egin zuen beharra eta Eibarko gaiekin lotutako liburuak kaleratzeko orduan Udaleko Ego Ibarra batzordeari eman zion laguntza paregabea. Eibartarren Ahotan proiektuan ere hartu zuen parte eta bere lekukotza laga zigun hainbat elkarrizketaren bitartez.
2008ko abuztuaren 28an hil zen.
Dokumentuaren akzioak