Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jose Zugasti Arizmendiarrieta (1952-2024) eskultore eibartarra hil da

2024/12/18
Hiri eta museo askotan ikus dezakegu artistaren lana.

Jose Zugasti (1952-2024)

Jose Zugasti Arizmendiarrieta 1952. urtean jaio zen, Eibarren. Madrileko Arte Ederretako San Fernando Goi-Eskolan ikasi ondoren, 1980an itzuli zen Euskal Herrira eta Donostia hartu zuen bizilekutzat.

Asko dira Zugastik jasotako sariak: Gasteizko V. Bienal Plastikoaren I. saria (1980); Gipuzkoako Artista Berrien XXIII. Lehiaketa (1982); Valentziako Bancaixa saria (1993); edota Bilboko Udalaren Bilbao Ría 2000 saria. 2002an Caja Vitalen Eskultura Publikoko II. Lehiaketa irabazi zuen, eta 2005ean, Euskal Herriko Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien Elkargoaren 125. urteurreneko Lehen Saria eskulturan.

Euskal museo gehienek dute Zugastiren obraren bat; baita hainbat udalek (Bilbo, Donostia, Lemoa, Eibar...) eta banku-erakundek ere. Nicaraguako Museo Nazionalean ere bere lan bat dago.

Eibarren, lehenengo aldiz, 1993. urtean erakutsi zuen bere lana. Handik hiru urtera, 1996an, Portalea kultura-etxearen inauguraziorako prestatu zen Eibartikan erakusketa kolektiboan hartu zuen parte, eta, 2010ean, Alfa Arteko lokaletan artistaren Formen Dantza deituriko erakusketa egon zen. Orain Ego-gainen ikusi daiteke.  

2023ko urriaren 20tik 2024ko otsailaren 18ra arte Zugastiren Txirrindularia obraren inguruko erakusketa antolatu zuen Eibarko Armagintzaren Museoak, artea, txirrindularitza eta Eibarko industria batzen dituen obra, hain zuzen ere.

Eskultura Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eta 10 urtez museoan erakusteko utzi da. Lana giza sakrifizioaren metafora da; Peio Ruiz Cabestany txirrindulariak Tourmalet gailurrean egindako esfortzu eta talde-lanaren sakrifizioaren ondoren, bizikletatik lehertuta jaitsi zeneko momentua erakusten du; ezegonkortasun- eta hauskortasun-sentsazioa adierazi nahi du.

Jose Zugasti bere tailerrean (1988). Juantxo Egañaren argazkia.

Jose Zugasti bere tailerrean (1988). Juantxo Egañaren argazkia.

Dokumentuaren akzioak