Juan San Martin beka Haritz Monrealentzat Mendi literaturaren inguruko lan batekin
Haritz Monreal
Haritz Monrealek Euskal Filologian lizentzia lortu zuen 1992.ean eta Ingeles Filologian 1995.ean (Letren Fakultatea, EHU). Edinburgon Literatur Konparatuan eta Orokorrean masterra burutu zuen (1992-93) eta, egun, mendiko literaturekin harremana duen doktorego tesia egiten ari da EHUn.
Filologiako karrera amaitu ostean, sei urtez aritu zen bigarren hezkuntzan irakasten (1996-2001). Aldi baterako utzi zuen irakaskuntza, lehenik, itzultzaile lanetan jarduteko (2001-2006). Zenbait liburu itzuli zituen, arlo akademikoarekin zerikusia dutenak gehienbat: antropologia, historia, zuzenbidea, eta abar. Ondoren, euskara teknikari gisa jardun zuen Euskaltzaindian bi urtez. 2009.etik irakaskuntzan dihardu ostera ere eta, une honetan, eskolak ematen ditu Letren Fakultateko (EHU) Ingeles eta Aleman Filologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa Sailaren barne.
Lanaren laburpena:
XIX. mendetik aurrera, eta Europan batez ere, zaletasun berri bat ageri da: mendiak afizioz igotzea. Jarduera berri honek eragiten dituen bizipen eta gogoetak biografiazko nahiz fikziozko idatzietan islatu izan dira, harik eta literatur genero propioa osatzeko maila duen arlo bat badela kontsideratu den arte. Mendi literatura, edo zehatzago mendizaleen literatura, mendizale klubetako kroniketan, aldizkari espezializatuetako nahiz egunkarietako artikuluetan, biografietan, fikziozko kontaketa laburretan eta eleberrietan, eta baita poesian ere biltzen da.
Honako ikerketa egitasmo hau narratiba biografikoan zentratuko da. Lehenik, kanonikotzat jo daitezkeen mundu mailako testuak aztertuko dira eta, ondoren, Pirinio mendebaldeko mutur honetako mendizaleen testu biografikoak -euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatziak-. Ikerketaren emaitzei dagokienez, aurreikusten dugu egitasmo honek finkatu egingo duela nolabait mendiko literaturak genero gisa duen oinarria, azalduko duela mendizaleen esperientziak literaturan duen isla, eta zabalduko mendizaleen literaturaren ikuspegia. Aipagarria iruditzen zaigu, batez ere, euskaraz idatziriko testuetara hedatzea ikerketa.
Dokumentuaren akzioak