Karmelitek alde egingo dute Eibartik 85 urteren ondoren: 1935eko apirilaren 24an eman zen Karmeldar Oinutsak Eibarren izateko fundazio-agiria.
1951. Elizaren lehenengo harria ipintzen. Argazkia: Ojanguren – Gure Gipuzkoa.
Txonta kaletik gaur egun eliza dagoen lekura joan ziren 1941eko abuztuaren 15ean, kapera eta egoitza eraikita. 1950eko urtarrilaren 10ean hasi ziren eliza berria jasotzeko obrak, 750 m3 inguruko eliza, sotoan katekesia emateko gelak, zine-aretoa, elkarteak batzeko aretoak eta musika-entseguetarako lokalak zituena. Gaur egun, garaje bilakatutako lekuak ditugu.
Inaugurazio-ekitaldia 1956ko uztailaren 1ean izan bazen ere, Karmengo parrokia 1961eko urriaren 1ean hasi zen martxan, eta ordura arte San Andres bazen parrokia bakarra, Karmengo Amaren elizak herriaren zati handi bat hartu zuen bere gain eta parrokia bilakatu zen, bataioak, ezkontzak, hiletak eta gainerako elizkizun guztiekin. Guztira, 10.000 bat biztanle inguru zeuzkan bere ardurapean. Eraikuntza-aktaren arabera, hauexek ziren Karmeliten parrokiaren muga eklesiastikoak:
"Iparraldean muga egingo du San Andres parrokiari Lizundiatik Santa Kruz eskolaraino esleitzen zaion hegoaldeko banalerroarekin. Hegoaldean, Bergarako udalerria, Elgeta, Eibar eta Bergara elkartzen dituen mugarritik Bergara eta Soraluze udalerrietakoetara iritsi arte. Ekialdean, Upartiñotik abiatuta eta ondoz ondoko zuzenguneetan Sagarbitxa baserritik 50 metrora (barne) igarotzen den irudizko lerroa, eta errepide orokorrean dagoen gasolina-zerbitzugunetik aurrera, Salbadoreko ermitarantz jarraitu eta ermitatik 50 metro ekialdera pasatuta, iparralde-hegoalde norabidean jarraitu eta Bergara eta Soraluzeko udalerriak elkartzen dituen mugarrira iritsi arte. Mendebaldean, San Andres eta San Pio X parrokien sortaldeko mugak ditu.” Hau da: herri barruan, Aurreratik beherako guztia Azitaingo gasolina-zerbitzuguneraino, Ibarkurutze, Pagei, Matxaria, Bidebarrieta kalearen zati bat, Arragueta, Estaziño, eta Bittor Sarasketa barne, Urkizu aldea eta Txonta ahazteke.
Karmelitek lan asko egin dute urte hauetan guztietan, baina nabarmentzekoa da 1965eko apirilaren 19an martxan jarri zituzten eskolak, egunez lanean ari ziren gazteek arratsaldez eta gauez ikasi eta lehen mailako ikasketen ziurtagiria eskura zezaten egindakoak. Aurreneko Zuzendaritza Kontseiluaren burua Román Aguirre izan zen, presidenteordea Enrique Franco, Idazkari Jose Mari Kruzeta, diruzain Valentin Jauregui eta bokalak Aita Karmelo (PDF), Aita Angel eta Francisca Abendibar eta Dore Urbistondo Irakasleak.
Irakasle hauek izan ziren hasierakoak: Francisca Abendibar, Dore Urbistondo, Maria Urkiola eta Guzmán García. Gerora, beste hainbat irakasle izan ziren. Urtean ehundik gora ikasle izaten zituzten eta dirua Hezkuntza ministerioak, Hezkuntza Ikuskaritzak, Eibarko Udalak, Foru Aldundiak eta herriko beste hainbat erakundek ere entitatek jartzen zuten.
Laurogeita bost urte hauetan karmelitek lan handia egin dute herrian.
Dokumentuaren akzioak