Maltzaga argazkiz argazki
1959ko maiatzaren 10. Jaunartzeak San Rafael elizan.
Maltzagakoak (agiri zaharretako Madalçaga) harro daude auzoaz eta San Rafael eguna - urriaren 24a- dute elkartzeko egun seinalatutzat, horixe baita auzo hartako zaindariaren jai eguna eta han zegoen elizatxoaren izena. Tren geltokia han jarri zenean, XX. mendearen hasieran, nortasun handiko auzoa jaio zen, bere eskola, eliza, etxeak eta kantina zituena.
Lehenengo eskola unitarioa –gaur egun errepide ondoan dagoen etxe zuritik 40 bat metrora zegoena- 1956 inguruan bota zuten. Bigarren eskola, Sustaeta jaunak zuen zentral hidroelektrikoaren gela handi batean ipini zen (gaur egun Delteco dagoen lekuan). Berrogei umetik gora batzen zen han, lauzpabost urtetik hamalaura bitartekoak. 1960an amaitu zuten eskola berria, gela bikoa, bata neskena, bestea mutilena. Gaur egun errotonda dagoen lekuan zegoen. Autobidea egiterakoan eskola hura bota egin zen.
San Rafael eliza 1927ko martxoaren 13an inauguratu zuten. Gerratean txikituta geratu arren, laster berreraiki zuten eta berriro inauguratu zuten eliza zaharberritua 1944ko urriaren 24an. Orduko egunkariek dioskutenez, 70eko hamarkadan elizari su eman zioten eta orduantxe galdu zen betiko.
Maltzaga leku garrantzizkoa zen, pasoko lekua eta tren-aldaketarako lekua. Etxeak ere jaso zituzten 1925ean –gero, 1942an beste solairu bi gehitu zitzaien- trenbidean lanean ziharduten langile guztientzat eta haien familientzat; kantina famatu bat ere bazen han, trenez aldatu eta Gasteizera edo Donostiara zihoazen bidaiariei jana eta edana ematen ziena; 50eko hamarkadara arte, hango erromeriak inguruko entzutetsuenak ziren. Gasteizerako trena kendu zutenean, 1967an, tren-geltokiak indarra galtzera auzoak ere behera egin zuen. Geroztik ez du bururik jaso eta gaur egun zubiz beteta dago.
Jose Luis eta Patxi Murgoitio anaiek utzitako argazkiek ederto asko erakusten digute auzoak izan duen bilakabidea; erretratu horiek dira Maltzaga auzoak sasoi batean izan zuen nortasuna erakusten digutenak.
Kontsultatu Eibarko tren geltokiari buruzko informazioa gure webgunean.
Argazkian: Leoncio, Margarita (auzoko maistra), Roberto Uribarri, Jose Antonio Larrañaga, Pakita Gorostidi, Jose Luis Murgoitio, Xabier Txurruka, Pedro Lupeña, Juan Jose Rodriguez, Jose Andres Aldazabal, Itziar Monasterio eta Patxi Murgoitio umeak. Argazkia: Jose Luis eta Patxi Murgoitio
Dokumentuaren akzioak