Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko tren geltokia

Eibarko EuskoTrenaren geltokiko fatxada nagusiaren goiko aldean erloju bat dago eta erloju horretan 1909 urtea dago zenbaki handietan idatzia; hori ikusita batzuk uste dute eraikina urte hartan eraiki zela. Ostera, armaginen herria zeharkatzen duen trenbidea askoz lehenago inauguratu zen, 1887ko irailaren 17an hain zuzen ere, sasoi hartako egunkarietan agertzen denez, Maria Cristina de Habsburgo Lorena erregina erregenteak burutu zuen ekitaldia. Daten artean dagoen alde hori dela eta, batzuk uste izan dute hasieran Eibarrek ez zuela bere geltoki propiorik, eta herriaren premiak betetzen zituen geltoki bakarra Maltzagakoa zela. Ez da horrela, inondik inora ere!

Eibarko tren geltokiaDurangotik Zumarragara bitarteko trenbidearen emakida zuen enpresak, 1906. urtean "Compañía de los Ferrocarriles Vascongados"en integratutakoak, ezin zuen bere ibilbidean biztanle-kopuruagatik eta garapen ekonomiko eta industrialagatik inguruan zegoen herririk garrantzitsuenean gelditu gabe igaro, eta gutxiago oraindik trena sustatu zuen sozietatearen akzionista gehienak eibartarrak zirenean: tartean ziren Placido Zuloaga Zuloaga, Ignacio Ibarzabal Iriondo armagina, Santa Cruz markesa eta beste ekintzaile asko eta asko. 

Eibarren lehenengotik izan zuen trenbide-terminala, gaur egun bezala, Estaziño kalearen akaberan zegoena.  Maria Cristina erreginak trenbidea inauguratu zuen egunean hantxe jaitsi zen trenetik, hain zuzen ere Zaldibarretik Elgoibarrera bitarteko zatiaren inaugurazio-ekitaldi nagusiak Eibarren ospatu zirelako. 

Eibar, trenaDurangotik Zumarragara bitarteko trenbidearen enpresak, Eibarko Estaziño kalearen amaieran jaso zituen bulegoak linearen 18,470 kilometro-puntuan.   Instalazio haietan, hasieran, bidaiariak hartzeko eraikin bat eta merkantzia-zerbitzurako biltegi bat zeuden; horrez gain, nasa edo andena, trenbide nagusia, trenak gurutzatzeko bidea eta trenbide nagusiaren saihetseko trenbide-atala edo bazterlekua.

Bidaiarien zerbitzura jarritako eraikinak oin bakarra zuen; erdian atondoa zuen; eskuman txarteldegia, telegrafoa eta bulegoak, geltokiko buruarena bata, faktorearena edo markatzailearena bestea eta ikuskaritzarena azkena; ezkerreko aldean geltoki-buruaren etxebizitza zegoen, sukaldea, jangela eta hiru gela zituena.

Eibarko estazioaEibarrek garapen handia eta azkarra izan zuen XIX. mendearen azken urteetan eta XX.aren hasierakoetan; horren ondorioz, Eibarrek ordura arte izan zuen tren-geltokiaren barneak edo dependentziak laster txiki geratu ziren herriko jendearen premiak zuzen eta ganoraz bete ahal izateko.  Halatan, 1907. urtean, "Compañía de los Ferrocarriles Vascongados"ek bere instalazioak modernizatzeko programa sakon bati ekin zion, handik urte bira amaituko zuena.  Bidaiarien eraikina goitik behera berriztatu zen, fatxadak berreraiki eta barruko lekuak berrantolatu egin zitzaizkion; horren ondorioz geltoki-buruaren etxebizitza kendu egin zen, eta etxe hura zegoen lekuan abiadura handiko merkantzien garraiorako bulegoa jarri zen.  Horrez gain bigarren pisua  jaso zen; han, beharginendako etxebizitza bi ipini ziren, etxe bakoitzak sukaldea, jangela eta hiru gela eder zituen.  Hori dena osatzeko markesina bat jarri zen nasaren gainean.  

Eibarko geltokia handitzeko obra haiek 1909. urtean amaitu ziren; horrexegatik azaltzen da fetxa edo data hori fatxada nagusiaren gailurrean dagoen erlojuan. Hortaz, esan behar dena da ez dela ospatzen Eibarko tren-geltokiaren ehungarren urtea, tren-geltokiak izan zuen lehenengo birmoldaketa handiaren ehunurteurrena baizik.

Trena EibarrenInbertsio handia egin zen,  baina halatan ere, Eibarrek industrian izan zuen garapen handiagatik, handik urte gutxi batzuetara tren-geltokiaren instalazioak berriztatu egin behar izan zituzten.  1919. urtean baztergunea edo trenbide-atal bat egin zen La Industrial Orbea  fabrikarentzat; 1935. urtean, Martin Errasti y Cía enpresa kontratatu zen helduera-biltegi  berri bat eraiki zezan.  Handik urtebetera, Gerra Zibilean, Eibarko geltokiak Francoren ejertzitoko artilleriaren eta abiazioaren erasoak jasan zituen.

1941ean, gerra amaituta, geltokia berriro konpondu zen, Construcciones Altuna  izan zen horren ardura hartu zuen enpresa. Trenak gurutzatzeko hirugarren bide bat egin zen, nasa bietan markesina xume baina dotore batzuk jarri ziren, horien egitura egiteko trenbidearen antzinako karrilak  aprobetxatu ziren.

Urte hartatik aurrera Eibarko geltokiak ez zuen aldaketa handiegirik izan harik eta 1980an, merkantzien trafikoa desagertzear zegoela eta, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak merkantzien biltegi zaharra Donostiako eliz barrutiaren eskuetan uztea erabaki zuen arte; elizak, instalazio haiek behar bezala moldatu eta San Agustin parrokiaren egoitza ipini zuen bertan. Gerora, tren geltokiaren atondoan beste birmoldaketa batzuk ere egin izan dira; hemendik denbora gutxi barru hasiko dira geltokia berritzeko obra berriak, une honetan Euskotren osoaren bidaiari-mugimendu handiena duen geltokia baita.

 

Eskerrak: Eibarko Arrate Filatelikoen Elkarteari eta Juanjo Olaizolari.

Dokumentuaren akzioak