Mercedes Kareaga Bekaren (MKB) 2022ko bigarren deialdia kaleratu du Eibarko Udalak, aurrenekoa hutsik geratu baitzen.
Eibarko Udalak, UPV/EHUren laguntza akademikoarekin, eibartar ekintzaile oparoaren izena duen ikerketa historikoko beka-deia kaleratzen du herriarentzat interes berezia duten eta herriarekin edo eskualdearekin zerikusia duten ikerketa-proiektuak sustatu, ikertu eta zabaltzeko xedez (ikus oinarriak, PDF honetan).
Bigarren edizio honetan ere Mercedes Kareagaren biografia izango da ikergaia, Eibarko emakumeen alde eta gizarte arloko asmo esanguratsuetan hainbeste lan egin zuen ekintzaile eibartarraren biografia osatu eta bistaratzeko. Bekaren zenbatekoa 9.000 eurokoa da eta lanak euskaraz aurkeztu behar dira irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean, Oinarrietan zehazten den bezala. Hona hemen Oinarri guztiak ikusteko eta eskaerak egiteko esteka.
Aurkeztuko den proiektuak, gehienez ere, 15 orrialde (7 orri) izango ditu eta bertan gaiaren azalpena eta lana nola burutuko litzatekeen azaldu behar da, ahalik eta zehatzen, ondokoak jasota: lanaren ikerketa-esparrua; aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera; ikertzailearen edo ikerketa-taldearen aurreko esperientzia; helburuak; materialak, baliabideak eta lan-metodologia; lana garatzeko kronograma; aurreikusitako emaitzak eta horien interesa, eta bestelako finantzabideak, horrelakorik balego.
Ikerlariek edo ikerketa-taldeek 20 hilabeteko epea izango dute lana amaitzeko. Denbora tarte horretan, lau txosten aurkeztu beharko dituzte, UPV/EHUk eta Eibarko Udalak osatutako batzorde mistoak lanaren jarraipena egin dezan eta ikerlariari edo ikerketa-taldeari lan-ildoaren garapenari buruzko gomendioak eman diezazkion.
Eibarko Udalak helburu hauek bete nahi ditu bekarekin: tokiko historia hobeto ezagutzeko ikerketa sustatzea, ikerlanak generoaren ikuspegitik jorratzea, eta Mercedes Kareaga eibartarraren izena eta izana hedatzea.
Dokumentuaren akzioak