San Andres eskolak 50 urte bete ditu aurten. 1965. urtean, 760 umek eta 20 irakaslek estreinatu zuten eskola.
Eskolako ikasle-talde bat
Eskolaren proiektua Francisco Echenique arkitektoak egin zuen, sasoi hartako Arkitektura Zuzendaritza Orokorreko zuzendari nagusi zenak; kostua 4.108.213 pezetakoa izan zen. Ministerioak 2.054.106,63 pezetako diru-laguntza eman zuen, Foru Aldundiak 250.000 pezeta jarri zituen, herriko enpresek 1.141.100 pezeta ipini zituzten eta gainerakoa udalak, kreditua eskatuta (espediente osoa Udal Artxiboan: B.1.24). Eraikin osoa janztea ere udalaren kargu geratu zen, Ministerioak ez baitzuen horrelakorik ordaintzen.
Obrak 1964an hasi ziren egiten; Rodes SA enpresaren eskuetan utzi ziren hark irabazi baitzuen enkantea. Urte hartan, otsailean, udal berria eratu zen eta Hernando zen herriko alkate. 1964ko ekainaren 15ean, Manuel Larrañaga zinegotziak hala eskatuta, ikastetxe berriari “Grupo Escolar San Andrés” izena ipintzea erabaki zen.
1965eko apirilekoa zen amaierako likidazioa, baina obrak ez ziren entregatu 1966ko ekainaren 24ra arte, izan ere, Ministerioak ez baitzuen begi onez ikusi eskola gainean umeen errekreorako egindako patioa; udalak, eskolaren aldamenean zegoen lursaila erosi eta patioa egin behar izan zuen Ministerioak azken oniritzia eman zezan, haren kostua ez zen txikia izan: bi milioi pezeta inguru.
1965eko irailean hasi ziren klaseak 760 umerekin eta 20 irakaslerekin (tartean Petra Chueca maistra ospetsua) Antonio Porcel de Seoane zuzendariaren gidaritzapean. Handik hona hauek izan ditugu San Andres eskolaren zuzendari: Carlos González, Manuel Villoslada, Angel Victoriano, Gustavo Marfull, Maria Jesus Azkue eta, berriro, Gustavo Marfull; azken hori dugu gaur eguneko zuzendari eta aurtengo ekitaldien koordinatzaile.
Aurten, 50. urteurrenerako hainbat ekitaldi antolatu dituzte, besteak beste, une honetan Kulturalean dagoen argazki erakusketa. Ikusi antolatutako ekintzen berri 50 urteurreneko blogean.
Dokumentuaren akzioak