Toribio Etxebarriaren "Viaje por el país de los recuerdos" liburua laster kalean. Aurten, 50 urte betetzen ditu.
Eibarko Plaza Barria, 1916an, Toribio Etxebarriak ezagutu zuen bezala. Argazkilaria: Indalezio Ojanguren (Udal Artxiboa).
Ego Ibarra batzordea liburuaren azken ukituak ematen ari da, idazleak egin zituen bertsio biak aintzat hartuta (1949, 1956) eta 1968ko lehen edizio hura kontuan izanda. Eibarko Udalak 1990an eta 2005ean kaleratu zituen Mexikoko edizioaren berrinpresioak; oraingo hau, ostera, edizio kritikotzat jo dezakegu, Etxebarriaren jatorrizko eskuizkribuetatik abiatutakoa delako.
Lan horretan ari da Iñigo Artamendi Ortiz de Zárate eibartarra: estilo-zuzenketa amaitzen, aparatu kritikoa osatzen, testuinguruko oharrak eta ohar topononomastikoak lantzen, aurkibide toponomastikoa egiten eta testua kaleratzeko moduan uzten.
Luis Castells katedratikoak, "Eibarko humanista baten bidaia sentimentala" izenburua daraman hitzaurre luze bezain argian, hauxe dio: "Aitormen batekin hasi beharra daukat: hirugarren aldia da Viaje por el País de los Recuerdos irakurri dudana eta aldi bakoitzean gauza berriak ikasi ditut; lehen oharkabean igarotako kontuei edo arretarik jarri gabeko alderdiei erreparatu diet […] Liburua, izenburuak ondo adierazten duen bezala, oroipenetatik zehar egindako bidaia bat da; bere ibilbidearen bidaia sentimental bat, ume-sasoitik hasi eta gerra zibilera arte. Toribiok berak garai hartako gutunetan adierazten duenez, liburua sendabide bat izan zen jaioterritik urrun bizi izateagatik sentitzen zuen herrimina leuntzen saiatzeko; horrek ez dio sinesgarritasunik kentzen hemen kontatutakoari nahiz eta, ezinbestez, irristaldiren bat edo beste egin, aurreko edizio batean beste eibartar entzutetsu batek, Juan San Martinek, adierazi zuen bezala.”
2018 honetan, denbora gutxi barru ikusiko du argia sekula itzali ez den liburuak.
Dokumentuaren akzioak