Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Urriko Iraultza Eibarren: 1934ko urriaren 5eko gertakariak

2021/10/08
"Bueno, mutilak. Zuen eginbiharra bete dozue. Oiñ arrio egin biharra dagok. Armak entregaizuzez baiña segidu deixala huelga generalak" (Jazinto Galarraga).

"Urriko iraultzan erabilli ebena..." (Atzo goizeko ipuinak, Jose Antonio Azpilikueta)

1934ko urriaren 5ean Gobernuaren kontrako iraultza gertatu zen. Espainia osoan altxatzekoak ziren, baina azkenean Asturiasko meatzetan, Katalunian, eta Eibarren izan zuen indar handiena. Euskadin, Eibarren izan ziren gertaera latzenak, Arrasaterekin batera (ikus 1934ko urriaren 6ko ABC egunkariaren azala, PDF).

Eibarren 23 eskuadra zeuden prest iraultzan parte hartzeko; bakoitzean hamar lagun zeuden, nagusi biren esanetara. Urriaren 5eko goizaldean enpresa batzuetatik armak hartu zituzten matxinatuek, "si no con la complicidad, con la pasividad de los guardianes". Casa del Pueblon, Kooperatiba Sozialistan, Alfan eta Armeria Eskolan fuerteak ipini zituzten bai defentsarako, bai erasorako.

Matxinatuek goardia zibilen kuartela esku-bonbekin eta su hartzen zuten likidoz betetako botilekin eraso zuten, baina saiakera ez zen uste zen bezala irten. Bilbotik asaltoko goardien kamioneta bat bidali zuten eta beste bat Donostiatik; iraultzaileek, Eibarko sarreran, Armeria Eskolan, barrikadekin gerarazi zituzten, baina azkenean, goardiak herria mendean hartzen joan ziren. Arratsaldeko laurak inguruan amaitu ziren tiroak.

Poliki-poliki albiste etsigarriak iristen ari ziren Eibarrera. Itxura denez, altxamenduak ez zuen izan arrakastarik estatuan, eta sakrifizioa alferrikakoa izan zitekeelako ustea zabaltzen hasi zen.

Eguerdiko ordu biak aldera udaletxe ondoan zegoen Barrena tabernan Toribio Echevarria, Jacinto Galarraga, Juan de los Toyos, eta Tiburcio Eguia sozialistak eta Teodoro Lluch komunista bildu, eta erasoari amaiera ematea proposatzea erabaki zuten. Jacinto Galarraga udaletxeko balkoira irten zen, eta hala esan zien bertan bildutakoei: “Bueno, mutilak. Espaiñian guk ahal izan juagu bakarrik. Zuen eginbiharra bete dozue. Oiñ arrio egin biharra dagok. Armak entregaizuzez baiña segidu deixala huelga generalak."

Egun hartan, guztira, alde bietan, zazpi hildako izan ziren, Carlos Larrañaga enpresari  tradizionalista euren artean, mezatara zihoala gazte batek tiroak jota. Iraultzaileen artean bere behargin bat zegoen, tiroa beste batek egin arren. Hauxe esan omen zuen Larrañagak, hilzorian zegoela: "Jende ezaguna, gainera".

Jesús Gutierrezek, La insurrección de octubre de 1934 y la II. República liburuan, balantze gisa, hauxe aipatzen du: Eibarren zazpi hildako eta zauritu ugari izan ziren, 300 bat atxilotu, eta askok Frantziara eta Errusiara erbesteratu behar izan zuten. Udaletxean egin zizkieten tortura gogorrak jasan ondoren, parte hartu zutenetako askok hamasei hilabete eman zituzten Iruñeko kartzelan (238 auzipetu Udal Artxiboko datuen arabera). Hauteskundeen ondoren, 1936ko otsailean, gobernuak amnistia bat dekretatu zuen, eta iraultza armatuan parte hartu zutenak libre geratu ziren.

Gutierrezek dio gertaera haietan parte hartu zutenetako askok ez dutela hura oroitzen zerbait heroiko gisa, baizik eta desenkantu antzeko batekin. Askok diote inozente samarrak izan zirela arrakasta izateko aukera gutxi zuen ekintza baten parte hartzean.

Jesus Gutierrezek “La revolución de octubre de 1934 en Eibar" izeneko hitzaldia emango du Armeria Eskolan, urriaren 14an, 19:30ean, “Eibartik Eibarrera” izeneko zikloaren barruan.

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte