Zigor-destakamentuak Gipuzkoan hitzaldia Eibarko Udal Liburutegian, apirilaren 10ean. Gure herrian, 1943. urtean, 125 presok jardun zuten beharrean herriaren berreraikitze-lanetan.
Hondatutako Eskualdeen Zuzendaritza Orokorrak etxebizitza-blokeak eraiki zituen Maria Angela kalean (gaur egun, Erregal), 1943 inguruan.
Frankismoak 1938ko urriaren 7an sortu zuen Patronato Central para la Redención de las Penas por el trabajo erakundea. Eta Patronatu horretatik abiatu zuen frankismoak presoen eskulanaz baliatzeko asmoa, besteak beste, zigor-destakamentuen modalitatea, gehien iraun zuena. Destakamentuok 1939ko azaroaren 14ko Agindua atera ondoren jarri ziren martxan.
Gipuzkoan, 1942 eta 1944 bitartean 7 ezarri ziren. Eibarkoa Regiones Devastades-ek ezarri zuen, eta besteak Ferrocarriles y Construcciones ABC eakundeak. Hona hemen 1943ko datu batzuk: Eibarren, 125 preso berreraikitze-lanetan; Arroan, 115 trenbide-lanetan; Itziarren, 125 errepidea egiten; Irunen, 130 defentsa-kanala egiten; Errenterian, 150 kanala egiten.
Aiala Oronoz ikerlariak kaleratutako liburuan Irunen egon ziren 207 presoen izenak jaso ditu, jatorriz estatuko 34 probintziatakoak. Kartzela-espedienteak aztertuz, egileak presoen ibilbidea jaso du, hainbat espetxetatik Gipuzkoara ekarri arte. Gipuzkoan ezarri ziren beste destakamentuen gainean ere datuak eta egindako lanak bildu ditu.
Asmoa da ikerketa Gipuzkoako beste destakamentuetara zabaltzea; derrigorrean eta halabeharrez lanean jardun zuten preso guztien izenak biltzea; herritarren artean destakamentuei buruzko testigantzak eta gaiari buruzko dokumentazioa jasotzea.
Dokumentuaren akzioak