Armagintza
Armagintzak hazkunde handia izan zuen XVII mendean. Gerrateek eta nobleziaren eskaerek horretara bultzatuta, armaginek geratzeke ziharduten beharrean. 1735. urtean, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas-ek bere gain hartu zuen behar horren erantzukizuna, batik bat produkzioari eta ordura arteko gremioen sistemari begira. Kaxaginak, txispaginak, kanoiginak eta aparejeroak ziren armagintzaren gremio nagusiak. Gremioak, ordutik aurrera, Compañía-ren babespean geratu ziren; hark finkatzen zituen prezio eta soldata guztiak -batzuetan, beharginen iritziaren kontra-. Edozein modutan ere, beti zegoen ziurtatua egindako lanaren ordaina.
Gremioen ardura osoa larregikoa suertatu zitzaion "Compañía"ri eta behea jo zuen; "Compañía de Filipinas"ek hartu zuen haren lekua. Hasieran, baltzu sortu berriaren ahalegina eraginkorra izan zen, baina horrek ere ez zuen denbora asko iraun. Azkenik, 1865. urtean, gremioak betiko galdu ziren eta armaginak kapitalismoaren sistemara makurtu behar izan zuten.
Teknika berriak sortu ziren, eta aurrerapen teknologikoei esker armagintzak nolabaiteko iraultza bizi izan zuen, sistema berriak asmatu ziren. Txisparen ordez pistoia; ke bariko polboraren agerrerak tiro egiteko berezko mekanismo erdi-automatikoen eta automatikoen garapena bideratu zuen -armagintzaren mesederako- eta errepetizioko armak nagusitu ziren errebolberra edo esmitza jaio ondoren.
Sekulako garrantzia izan zuen urrats horrek: orduantxe agertu ziren
lehenengo aldiz tailerdunak, ugazabak; merkatu goseak euren arteko
lehia piztu zuen. Ordukoak dira Eibarko "Orbea Hermanos", "Larrañaga ",
"Anitua y Charola", "Gárate y Anitua"... Soraluzen "Euscalduna" fabrika
zen entzutetsuena.
Merkatu askea indar handiagoa hartzen zihoan egunetik egunera; tailerdun batzuk Gobernuari prezio hobeak eskaintzen hasi ziren eta horren ondorioak segituan ikusi ziren: 1900. urtean Eibarrek beste herri guztiei aurrea hartu zien eta armagintzak sekulako gorakada izan zuen.
Ondoko datu hauek ondo erakusten dute esandako hori:
- 1887: 130.000 arma
- 1900: 200.000 arma
- 1908: 484.000 arma
XX mende hasierako hauteskunde-zentso batetik ateratako datuak dira ondoko hauek: Eibarrek 1.149 armagin zituen orduan, Soraluzek 257 eta Elgoibarrek 103.
Lehen Mundu Gerrateak (1914-1919) arma eskabide handia ekarri zion Eibarri, baina gerratea amaitu zenean herriak bere krisialdirik larrienetarikoa jasan zuen. Arma piloa zegoen biltegietan saldu ezinik; amerikanoek arantzelak ipini zizkieten kanpoko arma guztiei eta ez zegoen Estatu Batuetara armak saltzeko modurik; Europako beste herrialde batzuen aurrean hemengo armen probak ez zuen balio ofizialik... Saltzea gauza zaila zen orduan eta merkatuetan lehia bizia zegoen, eragozpenak alde guztietatik.
Egoera horren aurrean bide berriak bilatu behar izan zituzten; armagintzaren teknologia moldatu eta beste gauza batzuk egiten hasi: eraldaketaren garaia iritsi zitzaien. "Gárate, Anitua y Cía", "Beistegui Hermanos" eta "Orbea Hermanos", bizikletak egiten hasi ziren; beste batzuk -"Alfa"- josteko makinaren bidea aukeratu zuten; "Olave, Solozabal y Cía" bulegoetarako gauzak egiten hasi zen... Herri honek bere burua aurrera ateratzeko sekula egin izan duen ahalegin itzalena huraxe izan zen, industria-eraldaketaren sustrai bihurtu zena. 1950etik aurrera herriko tailerren produkzioa klase asko eta askotakoa zen, gauza ugari egiten zen. Horrek ondo erakutsi zuen herriaren kemena eta bizitasuna.
Handik aurrera krisialdi latzak ere izan ditu; dena dela, batzuetan herrenka ibili arren sekula ez du lurrik jo. Siderometalurgiak gorriak ikusi zituen 80. hamarkadan eta horren ondorioz armagintzari ere kalte handia egin zitzaion. Tailer batzuk batu egin ziren, baina ez zuten aterabiderik bilatu eta bertan behera laga behar izan zuten. Handik hamar urtera biziberritze moduko bat hasi zen armagintzan. Gaur egun oso gutxi dira armagintzan dihardutenak, eta luxozko ehiza-eskopetagintza da lantzen den gauza bakarra; oso produkzio txikia, baina kalitate aldetik ezinhobea.
Hauxe azpimarratu behar da: armak eskuz egiten zirela dakigunetik bost mende igaro badira ere, arma egiteko sistema ez dela ia ezertan aldatu. Aldaketa bakarra mekanizazioarena izan da. Hortik gorako guztia eskuz egiten da eta behargin bakoitzak bere zereginari eutsi dio: kanoiginak kainoia egiten segitzen du; kaxaginak kaxagintzan dihardu; baskulagiñak berean...
Dokumentuaren akzioak