Txirrindularitza eta Bizikleta Eibarren
Armagin gehienek, produktu berria aterako bazen, euren makina zaharrak moldatu eta bizikletak egiteko moduan utzi zituzten. Ezin da ahaztu Orbea, GAC edo BH enpresen garrantzia txirrindularitzaren historian; baina Eibarren txirrindularitza jaio bazen izan zen bizikleta saltzeko premia handia zegoelako; bizikletak ezagutzera emateko beharra zegoelako saldu nahi baziren. Txirrindulariak, orduan, ez ziren gaur bezain ezagunak, "belozipedua" zen garrantzizkoa: huraxe zen erakutsi beharrekoa eta saldu beharrekoa.
GAC, ORBEA eta BH izan ziren inportanteenak; behargin gehien zeuzkatenak, mundu mailan ezagunak izatera iritsi eta esportazioan nagusitu zirenak. "GAC" (Gárate, Anitua y Cía), 1892. urtean erregistratu zena, Crispín Gárate eta José Francisco Anituaren ondorengoen sortu zuten; gerora, Nemesio Astaburuaga eta Eulogio Anitua batu zitzaizkien. GAC etxeak Italiako bizikleta baten patentea erosi zuen, eta garai hartan ohikoa zenez, bere txirrindulari-taldea zuen; José Elortza "José Eibar" eta Mardaras bereak ziren. 1951ean, GAC-a "Mobylette"ak egiten hasi zen, "Motobecana" frantziarraren lizentziapean. 1974an, Eibartik Abadiñora joan zen.
"Orbea Hermanos" 1860 urtearen inguruan sortu zen; Juan Manuel, Mateo, Casimiro eta Petra Orbea Murua anai-arrebek sortu ere. Herriko fabrikarik handiena eta izen handikoa; aurrena argindarra erabiltzen, 1890. urtean sartu baitzuen. Familia barruko arazo batzuen ondorioz, 1926. urtean, bitan banatu zen, Eibarren "Orbea y Cía" geratu zen bizikletak egiteko eta Gasteizera "Hijos de Orbea S. en C" joan zen; kartutxugintzakoa. 1950. urtearen inguruan Eibarko fabrika "Velosolex"a egiten hasi zen. "Orbea" txirrindulari-taldeak Julian Berrendero eta Luciano eta Ricardo Montero anaiak izan zituen beste txirrindulari askoren artean. Gaur egun kooperatiba da eta 1975. urtean Mallabiara joan zen. Han du egoitza eibartarrendako fabrika ospetsua eta esanguratsua den horrek.
"Beístegui Hermanos" XX. mendearen hasierakoa dugu.Domingo, Juan eta Cosme Beístegui izan ziren haren fundatzaile eta hasieran "Mauser" erako pistolak egin zituzten, baina beste gehienek bezala, bizikletagintzaren bidea hartu zuen 1929. urtean. Lantegi horrek ere bere taldea sortu zuen, merkatua zabaltzeko xedez, bizikletak saltzeko asmoak hartara bultzatuta. 1955. urtean, motozikletak egiten hasi zen eta 1959an Gasteizera joan zen. Gaur egun "Ciclo Europe" barruan dago, BCH, Peugeot eta Gitaneren arteko enpresa-partzuergoan.
Tailer handiak baziren bai, baina ezin da ahaztu beste hainbat tailer txiki ere bazegoela: "Nicolas Arregui", "Zeus", "Echasa-Fenix", "Cil", Gamma, Abelux... garrantzia handikoak bere garaian. "Zeus"a esate baterako, Julián Gorospe, Leanizbarrutia, Urien, Juan Tomás Martínez bezalako txirrindularien aitapontekoa izan zen. 80ko krisialdi latzaren ostean betiko itxi zituen ateak. Bizikletak egitea bezain inportantea zen bizikletendako piezen tailer txikiak izatea: "Triplex", "Iris", "Norma", Garechana, "Suar", "Hermogenes Larrañaga", "El Tigre", "Ges"... Bizikletak saltzeko eta konpontzeko denda historikoak ere ezin dira ahaztu: "Cancio Bilbatua", "Salaberría", "Askasibar" edo "Juaristi". Bizikletagintzaren kateak herriaren zati handi bat beharrean lotu egin zuen garai hartan.
Txirrindularitzaren hasiera eta loraldiaren sasoia:
"Klub Deportiboa" eta "Klub Ziklista"
Eibarko lasterketak sasoika banatuz gero, bost izan dira sasoirik esanguratsuenak, herriaren historiak berak bizi izan dituen zertzelada nagusienekin lotutakoak: gerra-aurrea (1910-1936), gerra ostea (1940-1951), txirrindularitzaren urrezko aroa (1952-1974), beherakadarena (1975-1979) eta azkenik, gaur egunekoa, teknologiari esker izandako biziberritzearena (1980-...).
Kirol gisa -beti bizikletagintzari lotuta- Eibarrek laster erakutsi zuen antolamendurako joera; 1910ean hain zuzen ere, Eibar-Elgoibar-Eibar karrera egin zen. 1913. urtean, Cándido Arrizabalaga "Apotxiano" eibartarra izan zen Eibar-Zumarraga-Eibar lasterketaren irabazlea eta historian lehian aritu zen aurreneko txirrindulari eibartarra bera izan zen, José Mardaras Nazabal, Andrés Arriaga "Basarri" eta Félix Gojenolarekin batera, sasoi hartan, txirrindularitzak gerora izan duen oihartzuna, jakin-mina eta interesa ez zuenean. Oraindik azpimarragarriagoa da María Magunazelaia eibartarrarena, sasoi hartako emakume txirrindularirik onenetakoa eta hainbat karrera irabazitakoa.
Kirolean eta txirrindularitzan, Eibarko Klub Deportiboa 1924. urtean sortzeak sekulako garrantzia izan zuen. Bereak dira Arrate Igoerak (aurrena, 1941ean); Bizikleta Jaiak; eta orain, Txirrindularitza Eskola eta Euskal Bizikleta (1991-....), azken hori Eibarko Txirrindulari Elkartearekin batera, ETBren laguntza tarteko.
Eibarko Txirrindulari Elkartea edo "Ziklistakua" 1927. urtean sortu zen - Eulogio Gáratek, GACren ugazabak, zeresan handia izan zuen horretan, bizikletak saltzeko karrerak antolatzea derrigorrezkoa zela begitandu baitzitzaion. Horixe dugu Eibarko Bizikleta famatuaren elkarte antolatzailea (lehenengo sasoia, 1952-1973; bigarrena, 1987-1990 Klub Deportiboaren ekimenez eta Arrate Igoerarekin batuta egun gehiagoko karrera bat izateko xedez); berea da Errepublikaren Sari Nagusia edo Eibar-Madrid-Eibar hura (1932-1936), baita beste hainbat karreraren antolatzaile ere. Garrantzi handikoa txirrindularitzaren garapenean. Eibarrek karrerak antolatzerakoan zuen indarraren seinale, esan behar da lehenengo "Vuelta España" 1935ean egin zela eta maiatzaren 13ko Bilbo-Donostia etapa Eibartik pasatu zela, Klub Deportiboak anoaren ardura hartu zuelarik. Aipatu talde bi horiei esker, Eibar izan da -eta oraindik izaten segitzen du- antolamendurako gaitasun gehien erakutsi duen herria. Une honetan bertan nazioarte mailako lasterketa bi daude herriaren lepo: eliteendako Euskal Bizikleta eta afizionatu mailan munduko karrerarik onenetarikoa den Balentziagaren Oroimenezkoa , Jose Luis Valenciaga Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren buru eta txirrindularitzaren bultzatzaile saiatua gogora ekartzen duena. Izen horrek aparteko leku bat merezi du historian, Arrate Igoeraren "aita"tzat hartzen den Juan Gisasola "Juanito Txoko"renakin batera.
Nazioartekoak diren "Euskal Herriko Itzulia" bezalako karrerek zerikusi handia izan dute Eibarrekin: 1935eko Itzuliaren azken etapa Eibarren izan zen, eta Gino Bartali handiari egokitu zitzaion, bai etapa, bai karrera irabaztea; 1969. urtean XVIII. Eibarko Bizikletak eta IX. Euskal Herriko Itzuliak bat egin zuten 1973. urtera arte. Orduan arraroa izaten zen "Vuelta España"ren etaparen bat Eibartik ez pasatzea: 1959. urtean, Eibar-Gasteiz erlojupekoa korritu zen eta hantxe zegoen munduan sekula izan den txirrindularirik maiteena eta ezagunena: Fausto Coppi. Eibartarrek egun hartan Italiako txirrindularia ikusteko aukera izan zuten; zaletu asko eta askoren bihotzetan oraindik bizirik dirauena. 63ko "Vuelta"ren Bilbo-Eibar etapak Jacques Anquetil izan zuen garaile. Ipuruan hartarako ipinitako belodromo portatilak Eibarren benetako belodromo bat egiteko gogoa piztu zuen, sekula bete ez den ametsa.
Ziklo-krosak -gaur ez duen indarra zuenean- herrian ikusmin handia pizten zuen eta Espainiako Txapelketak bertan egiten ziren; 1951 (Francisco Expósito), 1952 (Julián Aguirrezabal), 1953 (Cosme Barrutia), 1954 (Michelena) 1955 (Anton Barrutia) eta Michelenak irabazi zuen 1956. urtean; 1957koa afizionatu mailakoendako baino ez zen izan (Aguirreche).
Lehenengo Arrate Igoera 1941eko apirilaren 20an izan zen, Klub Deportiboak antolatutako "Finalisten Eguna" ospatzeko eginda. Pedro Zugasti izan zen lehenengoaren irabazlea. Baina urteek aurrera egin ahala Igoeraren garrantzia handitzen joan zen Juan Gisasola "Juanito Txoko"k munduko txirrindularirik onenak ekartzen ahalegin apartekoa egin zuelako eta Klub Deportiboko jendea buru-belarri ibili zelako lanean. Arratera bideko aldapek txirrindulari onenak ezagutu dituzte, sasoi edo garai bakoitzeko izenik handienak: Poulidor, Ventura Diaz, Indurain... Zaletuak "loroñozaleen" eta "bahamontes-zaleen" artean banatuta zeuden hartan -bakoitzak bere segitzaile-taldea zuen Eibarren-, Bahamontesek bost aldiz irabazi zuen Arraten; eta euskal zaletuen ikurra zen Loroñok 1949an irabazi zuen Igoera; 1956an eta 1958an "Eibarko Bizikleta" poltsikoratuz.
1952garren urtea izan zen estraineko "Eibarko Bizikleta"ren urtean, Eibarko Txirrindulari Elkartearen edo "Ziklistia"ren 25. urteurrena ospatzeko egin zena. Eibarren, huraxe izan zen nazioarte mailako lehen etapakako karrera; Sarasua anaiak eta Valenciaga bezalako antolatzaile kementsuei esker jaio zena. Aurreneko hartan Louis Caputek irabazi zuen. Lasterketaren ospea egunetik egunera handitzen zihoan: ezaguna egin zen munduan zehar txirrindularien artean eta 1955. urtean 5 etapa izan zituen. 61. urtekoan Tom Simpson zoritxarrekoak agertu zen Eibarrera, bera izan zen urte hartako bigarren etaparen garailea. Lehia gogoz herriratu ziren atzerritarren maila ezin ukatuzkoa zen, baina garai hartako beste izen ezagun askoren topaleku ere izan zen "Bizikleta" hura: Velez, Txomin Perurena, Talamillo, Gabica, Errandonea, Tamames... eta Luis Ocaña bera, 1973ko irabazlea. 1969tik elkarrekin joan arren, 1974. urtean "Euskal Herriko Itzulia" eta "Eibarko Bizikleta"k bakoitzak bere bidetik joatea erabaki zuen; "Itzulia", "La Voz de España"ren esku geratu zen. Eibarkoa ezin izan zen urte hartan egin dirurik ez zegoelako. Urrezko sasoiaren akabera izan zen.
Txirrindularitzaren beherakada eta gorakada: 1970etik milurteko berrira
70eko hamarnakoa izan da herrian karrera edo lasterketa gutxienekoa: 1975. urtetik 1980. urtera bitartean hiru "Igoera" baino ez ziren egin, 75ekoa, 77koa eta 78koa. "Juanito Txoko"k 1975. urtean dena utzi zuen -Galdosek irabazi zuen urtean- eta hori igarri egin zen ondorengo urteetan. Julián Gorospe izan zen gazteen igoeraren irabazlea 1978. urtean.
1981garren urtea da profesional mailako lasterketen berpizkundearen urtea; herriko elkarte handi biak lasterketak antolatzeko batu zireneko urtea, Klub Deportiboak eta Txirrindulari Elkarteak bat egin zuten, eta hortik aurrera antolamendu aldetik ikuspegi berria erabilita, "Euskal Bizikleta" izenarekin jaio zen herriko karrera historiko biak batzen zituena; ETBk eman zion laguntza paregabeari esker. 81ean XXXVIII. Arrate Igoera antolatu zen, 80. eta 90. hamarnakoetan txirrindularitza-antolaketak izango zuen indarraren seinale. Julián Eraso, Riaño, Aranberri, Sarasua, Etxekopar.... bezalako antolatzaileen ordua zen; Lejarreta, Chioccioli, Bugno, Amstrong, Indurain, Zubeldia... moduko txirrindularien garaia. Txirrindulari gazteen belaunaldiek eta asmo berriz datozen antolaketa-arduradunek txirrindularitzaren ikuskizunari beste jite bat eman diote. Eibarren 1995ean sortu zen CDR txirrindulari afizionatuen taldea, Eibarko Klub Deportiboaren magalean, gaur egun "Debabarrena" izena daramana eta eskualdeko zortzi udalen babesa jaso duena (Eibar, Ermua, Elgoibar, Deba Soraluze, Mutriku, Mallabia eta Mendaro).
Debabarrena Txirrindulari Taldea.
Dokumentuaren akzioak