Arte aplikatuak
Artegilea nola egiten den
Hasiera Dibujo Eskoletan izaten da, udal eskolan edo akademia pribatuetan. Han ikasten du umeak dibujatzen. Gero, behin adin batera iristen denean eta arkatza esku artean hartzeak inongo trabarik egiten ez dionean, irakasleak -grabatugintzaren teknika ondo ezagutzen duena- gubilaren manejua erakusten dio. Horrela pasatzen da zirriborroak egitetik benetako pieza bat lantzera. Bien bitartean, grabatu-tailerretara edo armagintzakoetara joaten da, dakiena erakusteko eta aldi berean, etorkizunean bere lankide izango direnek dakitenaren berri izateko.
Grabatugintzaren erreminta nagusiak: puntzoiak, gubilak, mailuka...
Horrela sortzen da artegilea, ikasiaren ikasiz. Zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta gehiago sakonduko du gubila altzairuan erabiltzeko era. Forma berriak sortzeko irrikitan egongo da eta jendeak egindako lan horiek ikusteko desiotan.
Dibujo Eskola
Dibujo Eskolaren historian alderdi bi hauek azpimarratu behar dira:
- Alde batetik, grabatugintzan espezialistak hezteko premia, etorkizunean grabatu-mahaietan eta armen dekorazioan beharra egingo dutenak.
- Bestetik, damaskinatu-eskola sortzea, artegile handiak aterako dituena, lanbidea garapen artistiko sortzaileago eta pertsonalago batekin bateratuz.
Soraluze, Eibar, Elgoibar, Ermua, Arrasate, Bergara..., armagintzaren arroan 1779. urtetik hasita Dibujo Eskola zegoen, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas-ek bultzatu eta sortutakoa. Hala ere, "Compañía de Caracas"ek 1794. urteraino baino ez zuen iraun eta ordutik aurrera Filipinas-etakoak hartu zuen haren lekua. 1865. urtean gremioen sistema bertan behera geratu zen eta Filipinas-etakoa harekin batera. Hortik aurrera, Eskola, Fausto Mendizabalek zuzendu zuen 1876. urtera arte, hau da, bera hil arte. Azterketa gainditu ondoren, Blas Lumbrerasek hartu zuen Eskolaren ardura 1895. urtean hil zen arte. Hurrengo lehiaketara hainbat hautagai aurkeztu ziren eta irakasle lanpostua Toribio Zulaikaren esku geratu zen.
Grabadoreek antzina egiten zituzten diseinuetako bat, arte arabiarrean oinarritutakoa
Dekorazioko Arteek, batik bat Damaskinatugintzak, XIX mendearen akabera aldean demaseko loraldia bizi izan zuten, sasoi hartan jendeak estetikarekiko zuen jarreraren adierazgarri. Horregatik, Dibujo Akademiari ikasleak ugaritu egin zitzaizkion eta irakasleak ezin denak hartu.
1895ean, udalak, neskendako akademia edo eskola berezi bat sortzea erabaki zuen; horrela, irakasle gehiago izanda, mutilak eta neskak banatu egin zituen. Ramon Urtiaga izan zen hartu zen irakasle berria. Urtiagak irakasle izateari utzi zionean, nesken ardura Jacinto Olaberi eman zitzaion eta horrek Mateo Ojanguren izan zuen laguntzaile. Bien bitartean, mutilekin Zulaikak jarraitzen zuen, eta Jose Felipe Artamendi zen haren laguntzaile. Ume edo gaztetxoen eskolaz aparte helduentzako ere bazegoen ordutegi berezi bat, gaueko 8etatik 9,30etara. Jacinto Olabe zen irakasle, eta 1952an Lucas Alberdik, 46 urte zituela, haren lekua hartu zuen, azterketa gainditu ondoren.
Alberdik 32 urte egin zituen Dibujo Eskolako maisu izaten eta beste 30 Damaskinatu Eskolaren arduradun. Eskola horietan, Lucasek dibujoa irakasten zien ikasleei, eta grabatugintzarako zaletasuna zuenari edo horretarako gauza zela ikusten zuenari, berak erakusten zion gubilaren manejoa damaskinatugintzan jardun zezan.
Alberdik erretiroa hartu ondoren Eskolak hainbat irakasle izan ditu eta 1987. urtetik hona Marina Barrena da Dibujo Eskolaren irakasle; dibujoa eta pintura irakasten ditu. Gaur egun Dibujo Eskolaren irakaskuntza, gertuago dago pinturaren esparrutik antzinako lanbide artistiko haietatik baino.
Dokumentuaren akzioak