Industrias Rocandio, 360º
Txontako Industrias Rocandio XX. mendearen lehen erdiko industria-eraikina da, eta gaur egun kontserbazio-egoera txarrean badago ere, herriaren industria-jarduera eta historia ederki asko islatzen dituen tailerra da. Gaur egun botatzekotan dago inguru hartako hirigintza-esparru osoa berroneratzeko xedez. Txontan dagoen solairu bakarreko eraikina dugu Rocandio.
1942an, Felix eta Juana Garatek oinplano angeluzuzeneko eraikin bat jasotzea eskatu zuten, mekanikako tailer bat jartzeko, Raimundo Alberdik arkitektoak egindakoa. Handik urte batzuetara, Arrate pasealekuan (gaur egun Urkizu) zegoen Industrias Rocandio tailerra, Eugenio Rocandio Calvok sortua, jarri zen leku hartan. 1953an, Eugenio Rocandio Jaureguik baimena eskatu zuen Txontako industria-eraikin horren atzealdean transformadore bat jartzeko, bere industria argindarrez hornitzeko. Rocandiok bere izenean erregistratutako patenteak eta hainbat marka zituen, eta flejeak, etiketagailuak, grapak, altzairuzko prezintoak, burdindegiko artikuluak eta beste hainbat gauza fabrikatzen zituen.
Txontan eraikitako aurreneko fabriketako bat izan zen Rocandio, auzoaren historia industrialaren lekuko bikaina
Gerraostean Txontako goialdean eraikitako lehen industria-eraikina izan zen, eta gaur egun albo batean ezkutatuta badago ere, sarrerako ate nagusia metro askotara ikus zitekeen. Inguru hartako eraikin zaharrenetako bat denez, badu nolabaiteko balio historikoa.
Tailerraren historian zehar Rocandiorenekoan lan egin duten behargin askoren artean, Gabriel Aresti poeta ere badugu, 1966an tailer honetako administrazioburu gisa jardun zuen hilabete batzuetan; orduan 18 langile zituen lantegiak. Adituek diotenez, Eibarren biharrean egote horrek eragina izan zuen Arestirengan, eta Euskal Harria poema-bilduman sumatzen omen da gure herriaren arrastoa.
Dokumentuaren akzioak