Sagartegieta jauregia (Sartei), 360º
Sagartegieta jauregia (Saartei edo Sarteitta, Eibarko euskaran) XVII. mendean eraikitako estilo barrokoko eraikin zibila da.
Maltzaga auzoko muino batean dago kokatua, aurretik zegoen baserri baten gainean. XX. mendearen bukaeratik aurrera hutsik geratu zen eta gaur egun aurri-egoeran dago.
Oinplano karratua duen eraikin honek dorre txiki bat du. Fatxada nagusia, eraikina bezala, harlangaitzezkoa da, baina harlanduz eginiko elementuak ditu: baoak, mentsulak edota harrera nagusiko erdi puntako arkua. Ate nagusiaren gaineko balkoiak frontoi txiki bat du eta horren gainean armarria dago.
Jauregiko jabeak, lehenengo sagartegietarrak eta ondoren sustaetarrak, beti izan ziren nagusi inguru hartan, historian zehar funtsezko komunikazio-gune izan zen lekuan.
Armarriak dio “SOY SAGARTEGVIETA” eta balkoiaren goiko aldean: “VINCULADA EN 13 DE MAIO DE 1655”
Azken gerra karlistaren ondoren, Sagartegieta-Sustaeta familia bere jabetzakoa zen Maltzagako bentara joan zen bizitzera, eta beste familia bati alokatu zion jauregia, XX. Mende bukaera arte bertan bizi izan zena.
Eraikina leku estrategiko batean dago kokatua; bertatik pasatu izan dira urteetan zehar arraina, artilea, armak, ikatza, garia... Hori dela eta, mendeetan gune esanguratsua izan zen Maltzaga, eta baserriez gainera, ermita, benta, eskolak, aduanak, eta abarrak izan ditu. Han elkartzen dira oraindik ere Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako bide nagusiak.
Dokumentuaren akzioak