San Andres parrokia, 360º
San Andres elizaren inguruan sortu eta hazi zen Eibar. Jatorrizko eraikina egurrezkoa zen, eta XVI-XVII. mendeen artean eraiki zen gaur egun ezagutzen den eraikuntza. Horregatik, itxura gotikoa du nahiz eta hainbat elementu pizkundetar (zutabeak, korua, leihoak eta okuluak) eta barrokoak (ataria) izan.
Bolumen handiko eraikina da, baina barneko plan sinplea agerian jartzen du. Nabarmentzekoak dira dorrearen forma berezia, eta presbiterioaren eta oinen bi erremate oktogonalak, bolumen txikiagoa hartzen dutelarik, eraikuntzako elementu nagusiez gain, hala nola, kontrahormak. Eraikinaren gorputz guztiak, dorreak izan ezik, isurialde triangeluar inklinatuko estalkien bidez babesten dira, gailurra ardatz nagusiaren paralelo dutela eta oinplanora egokitutako hainbat isurkirekin.
Elizak gurutze latindarreko oinplanoa dauka, ardatz liturgikoaren aurkako zentzuan orientatuta. Hiru zatitan banatutako hiru nabe dauzka, altuera berekoak. Nabe nagusiari 2 abside poligonal elkartzen zaizkio, mutur bakoitzean bana. Jatorrizko burualdea ekialdera zegoen orientatuta, gaur egun koruak hartzen duen tokian, 1603an alderantziz jarri zuten eta presbiterioa mendebaldera orientatuta gelditu zen. Luzerako noranzkoan hiru zati dauzka, presbiterioaren gorputzaz gain; nabeak luzatzen dituzten hiru kapera daude burualdeetan
Hiru sarrera ditu elizak: bat iparraldeko ataritik, bestea mendebaldeko gorputz oktogonaletik, eta hirugarrena, gurutzadurako hego-ekialdeko ertzetik. Iparraldeko fatxada 1949ko atariak babesten du eta bertan nabarmentzekoa da portada platereskoa; portada platereskoak erdi-puntuko arkua dauka eta moldura xume batek enkoadratzen du. Arkuarteetan bustoez apaindutako medaloi edo tondo errenazentistak daude. Alde bietan bi zutabe balaustradadunek multzoa apaindutako euskarri altuen gain mugatzen dute. Taulamenduan egilea eta data ikus daitezke: 1545, Gabriel de Ubilla. Eta gainean portadaren bigarren gorputza dago. Bertan nitxo bat dago oinazpiko txiki batekin baina eskulturarik gabe, maskor edo moldura polit batez errematatua. Beste taulamendu batek zehazten du azkeneko gorputza eta frontoi txiki bati eusten dio. Kurbak eta antekurbak ere badaramatzan apaindura osatzen dute.
Jatorrizko eliza egurrezkoa zen eta XVI-XVII. mendeen artean eraiki zen gaur egungo parrokia gotikoa
Eibarko San Andres Elizan erretaula nagusia nabarmentzen da, Andrés de Araozen eta beste artista bikain batzuen lan aparta. Andres de Araoz 1567an hasi zen erretaularekin. Estofatu gabeko obra da; sotobankoa, bankoa, hiru gorputz eta atikoa ditu. Sei kale ditu, erdikoaz gainera. Egia esan, bankoa eta lehenengo gorputza baino ez dira Araozenak. Bitarteko aldikoa da, tradizio platereskoa gainditzen ari den eta italiarren eraginpeko apaindura gutxiko modu batera igarotzen ari den garaikoa. Eskulturan A. de Berruguetek Araozengan duen eragina nabarmentzen da.
Koruaren behealdean Dolorosa bat eta San Pedroren irudi erromanikoa daude, XII. mendeko erretaulak dauzkate. Badaude, baita ere, bi erretaula barroko biki gurutzeriaren besoetan, Andra Mariari eta purgatorioko arimei eskainiak.
Dokumentuaren akzioak