Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

5.- Urko

ib2005.jpg Zozolatik edota gorago dagoen Aritxuloetatik, porlanezko pista jarraituz Elorretara helduko gara. Bertan egiten dute muga Eibarrek eta Ermuak; are gehiago, baserrietako batek, Elorreta Behekoak, zati bat Gipuzkoan eta bestea Bizkaian ditu. Hortik gora malda gogor samarra igo eta 20 minutu inguruan Urkora helduko gara, Eibarko tontorrik garaienera. Gailur berezia da eibartarrontzat, izen eta izaera bereziduna. Horren lekuko, Urteberri egunean, egunsentian bertan eibartarrok Urkora igotzeko dugun ohitura, eguzki berriak bedeinka eta babes gaitzan. Gailurrak ia Euskal Herri osoa jarriko digu bistara, Kantauri Itsasotik Gaztela mugaraino, Durangaldea, Gorbea, Aitzgorri edo Pirinioak pare-parean ditugula. Urkotik Mallabia, Ermua edo Markina aldera jo dezakegu. Baita begibistan ditugun Aginaga edo Usartza inguruetara ere. Baina guk igo dugun lekutik ekingo diogu beherako bideari. Hala ere, jaisten hasi eta 200m ingurura, hesatea gainditu eta ezkerretara egingo dugu, Urko magaletik Usartzara doan bidea hartuz. Ote, txara eta elorriz betetako ingurunea, pitxartxar eta txepetxen bizileku. Bideak iparrerantz egiten duen lekuan, Abanzabalegi gainean, guk beherantz (hego alderantz) egingo dugu zuzen, izen bereko baserrietarantz.

Argazkia: Erdian Arrajola, ezkerretara Zozola ingurua, eta atzean Urko elurpean; 2002 (Asier Sarasua).

 

Dokumentuaren akzioak