Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alicia Iturrioz Arrizabalaga

Margolaria, 1927-01-31

Alicia Iturrioz Arrizabalaga

1927ko urtarrilaren 31n jaio zen, Eibarren.

Antonio Iturrioz eta Felisa Arrizabalagaren alaba.

4 anaia-arreba izan ziren, Ignacia, Pepito, Alicia eta Aitor. Pepito umea zela hil zen.

Haren aita Antonio maisu armagina zen. Albacetera joan ziren eta han arma-denda bat jarri zuen. Han jaio zen Aitor. Gero berriz ere etorri ziren Eibarrera.

Alicia ume zela haren ama hil zen.

Gerra zibila hainbat baserritan igaro zuen, senideekin. Bereziki gogoratzen zuen bere lehengusina Isabelekin pasatu zuen sasoi bat, eta nola beti jolasean ibiltzen ziren ezkutaketan eta bihurrikeriak egiten.

Gerra ostean, bere osaba-izeba Ambrosio Otaola eta Jesusa Iturriozekin joan zen bizitzera.

José Luis eta Manolo Otaola lehengusuekin hazi zen. Lehenik Eibarren bizi izan ziren eta gero Zarautzera joan ziren betiko. Gogoan zuen nola laguntzen zion izebari azokara. Eta bazekien arraina erosten inork gutxik bezala. Ez zegoen iruzur egingo zionik!

Oso txikitan hasi zen pintura eta dibujorako interesa azaltzen. Osaba-izebek asko ezagutzen zuten Ignacio Zuloaga eta egun batean “neskatilaren” marrazkiak erakutsi zizkioten. Zuloaga harrituta geratu zen, eta esan omen zuen San Fernando Arte Ederren eskolan matrikulatu behar zela Alicia.

Arazo burokratiko batengatik, ez zuen lortu San Fernando Arte Ederren eskolan 1943. urtean sartzea, baina entzule moduan onartu zuten. Hurrengo urtean eskubide osoko ikasle gisa sartu zen. Izan zituen ikaskideen artean, besteak beste, Antonio López nabarmendu behar da.Madrilen, Fortuny kaleko Andereñoen Egoitzan hartu zuen ostatu.

Han ikasi zuten, besteak beste, María (Maruja) Wonenburger matematikako doktoreak, zeinarekin adiskidetasun handia izan zuen bizitza osoan, Pilar de Madariaga zientzialariak, edo Mari Luz Morales Godoy kazetariak, La Vanguardia egunkariko buru eta Espainian egunkari bat zuzendu zuen lehen emakumeak.Eskolan Ricardo Macarrón ezagutu zuen eta berehala maitemindu ziren. 1951n ezkondu ziren. Bi alaba izan zituzten, Susana 1954an eta Mónica 1961ean.

Alicia Iturrioz y Macarrón

Bodegoia. Oihal gaineko olio-pintura. Funtsa: Macarrón-Iturrioz familia.

Hasieratik, Aliciak beti lagundu zion Ricardo Macarróni. Ricardo Ingalaterran eta Frantzian enkarguak edukitzen hasi zenean, Alicia beti zihoan senarrarekin. Alicia ingelesez moldatzen zen eta Ricardok frantsesez hitz egiten zuen, eta, hala, nahiko ondo konpontzen ziren.

Abentura asko izan zituzten. Haietako bat 1959. urte-inguruan Madriletik Osloraino egindako bidaia izan zen, zer eta Lambretta batean! Haiek biak eta maletatxo bat. Lambretta 25 zaldiko motor bat zen, eta “la putilla” deitzen zioten. Itzulerako bidaia trenez egin zuten. Baina joaneko bidaian jende asko harritu egiten zen espainiar bikote “zoro” horrekin, eta haiekin eta “la putillarekin” argazkiak egiteko eskatzen zieten. 20 bat egun behar izan zituzten.

Asko gustatzen zitzaion bidaiatzea, eta, bere senarrak izua zionez hegazkinari, Ignacia ahizparekin batera, perfumegileen elkarteak antolatzen zituen bidaietara joan ziren hainbatetan, elkarte hartan lagun bat zeukaten-eta. Haiekin hainbat bidaia egin zituzten, esaterako, Egiptora eta Balira. Eta izugarri gustuko zuen gauzak erostea. Londres, Paris, Portugal… Beti erosi behar zuen zerbait (batzuetan bere senarraren amorraziorako).

Julio Caro Baroja (Alicia Iturrioz)
Caro Barojaren erretratua. Oihal gaineko olio-pintura. Museo de Navarra-Nafarroako Museoa. Gobierno de Navarra-Nafarroako Gobernua.

Berak ere erretratua landu zuen, eta, besteak beste, honako pertsonaiak erretratatu zituen: Julio Caro Baroja (liburu baten azala izan da eta Nafarroako museoan dago), Jesús Fernández Santos, Carmen Martin Gaite, Carmen Posadas, Vallejo Nájera (erretratu hori erabili zuen Vallejo y yo liburuaren azala ilustratzeko), eta Cristobal Balenciaga, zeinaren erretratua izen bereko Getariako museoan dagoen.Ricardo Ingalaterrako Isabel II.a erregina pintatzen ari zenean, Alicia haiekin zegoen. Erreginak frantsesez hitz egiten zuen Ricardorekin eta ingelesez Aliciarekin. Hainbat solasaldi izan zituzten elkarrekin. Behin erreginak esan omen zion arropa gordetzeko behar besteko pazientzia eta tokia behar izanez gero, 30 urte geroago modan jartzen zela berriro ere. Adibide gisa jarri zuen erreginak berak une hartan zeramatzan zapatak. Erreginak eskatu zion Aliciari ea bere txakurra marraztu ahal zuen, eta berak oso gustura egin zuen. Boligrafoz, saioek irauten zuten bitartean. Erregina hain pozik geratu zen emaitzarekin (geroago esan ziotenez) ezen marrazkia bere logelan jarri zuen.

Hainbat erakusketa egin zituen. 1974an, Eibarren, Ricardo Macarrónekin batera. Madrilen, Club Zayas Galerian, 1991n eta Caja Madrideko erakusketa-gelan. 2003an Valentzian, Ibercajako erakusketa-gelan. Zarautzen Torre Luzeko erakusketa-gelan eta Makataza Galerian 1988an; eta azkena bera bakarrik 2010eko urrian, Eibarren, Arrate Kultur Elkarteko Topaleku aretoan. Eibarren, berriz ere egon zen 2012ko martxoaren 8an egin zen erakusketa batean; Eibarko 25 emakume artisten obrekin egindako erakusketa bat izan zen.

Haren lore eta bodegoiak, beti aurrean dituela eginak, oso estimatuak eta laudatuak izan dira bai publikoaren bai kritikaren aldetik. Halaber, esku berezia zuen umeen erretratuetarako. Beti jartzen zituen ingurune atsegin batean, umeak gustura egon zitezen: jolasak, loreak...

Donostian hil zen ictus baten ondorioz, 2021eko irailaren 8an.

Cristobal Balenciaga (Alicia Iturrioz)

Cristóbal Balenciagaren erretratua. Oihal gaineko olio-pintura. Cristóbal Balenciaga Museoa. Getaria.