8.- Sagartegieta Jauregia

ib6008.jpg

Eibarko eraikuntza historiko-artistikoak bisitatzeko egin dugun osteratxo honi amaiera emateko, herritik irten eta Maltzaga auzoan dagoen Sagartegieta (Sarteitta) jauregira joko dugu. Eraikuntza ederra izan arren, aspaldi dago hutsik eta gaur egun nahiko egoera kaskarrean dago. Gainera ez da erraza bertara heltzea. Batetik pinuek eta sastrakek ingurua itxi dutelako, eta bestetik, Maltzagako autopista-zubiek bertara iristeko modua ere zaildu dutelako. Eibartik Elgoibarrera doan bidean, Maltzaga igaro ondoren 300 ingurura, ezkerretara gora egiten duen bidezidor bat hartu beharko dugu Sagartegietara heltzeko.

Jatorriz eraikuntza xumea zen arren, bertan bizi ziren Sustaetatarrek indarra eta boterea hartu ahala, eraikuntza ere handitzen eta dotoretzen joan zen, eta gaur egungo eraikuntza XVIII. gizaldikoa da, estilo neoklasiko dotorean eraikitakoa. Urteetan zehar indar handiko etxea zen Sagartegieta, inguru guztian nagusia. XX. mendean, indarra galdu ahala, baserri bilakatu zen, eta gerra ostean hutsik geratu ondoren, gaur egun jaustear dago.

Sustaetatarrak izan ziren inguru horretan familiarik boteretsuenetakoa mendeetan zehar. Kontuan izan behar da, Eibartik kanpo egon arren, Maltzaga beti izan dela leku garrantzitsua, batez ere bidegurutze handia zelako. Bertan egiten zuten bat Gipuzkoatik zetorren bide nagusiak (kostaldea eta barrukaldea batzen zituena), Bizkaitik zetorrenak eta Deba ibaia jarraituz Arabara eta Gaztelara zihoanak. Bertatik pasatu izan dira urteetan zehar arraina, artilea, armak, ikatza, garia... Ondorioz, mendeetan zehar gune aipagarria izan zen Maltzaga, eta baserriez gainera, ermita, benta, eskolak, aduanak, eta abarrak ezagutu izan ditu. Trenbidea Euskal Herrira iritsi zenean ere, Maltzaga zen Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba batzen zituen lekua. Azken urteotan bere garrantzi soziala asko gutxitu den arren, oraindik ere jarraitzen du bidegurutze izaten: burdi-bideak eta zaldi-bideak atzean geratu ziren, trenak ere eman ditu onenak, baina autopisten sasoian ere hiru probintzien arteko bidegurutze da Maltzaga.

Argazkia: Sagartegieta Jauregia, 1998 (Nagore Bengoetxea, Eibarko Udal Artxiboa).

 

 

Dokumentuaren akzioak