5.- Aldatzeko Iñarra Jauregia
Urki atzean utzi, eta berriro herri erdia gurutzatu ondoren, Aldatze ingurura joko dugu. Aldatze edo Aldatsa dorretxea Aldatze kalearen gaineko aldean dago, eta Elexalde edo Iñarra izenez ere ezagutu izan da. Ez dago garbi jatorrizko eraikuntza noiz jaso zen, baina jakin badakigu XVII. Mendean Juan Lopez de Iñarrak berreraiki eta dotoretu egin zuela. Berez Isasi jauregiak duen tankera berbera zuen, baina gaur egun bere oinarrizko egitura eta itxura moldatuta dauzka. Eraikuntza laukia da oinplanoari dagokionez, eta lau isurialdeko teilatua du. Bere armarriak eta horma sendoek jauregiaren garai bateko oparotasuna eta bertako bizilagunen iragana ekartzen digute gogora.
1914 ingurutik, Nuestra Señora de la Providencia eskola dago bertan, Aldatzeko monjak izenez askoz ere ezagunagoak. Hor ditugu, beraz, Eibarren tente geratzen zaizkigun hiru dorretxe nagusiak ikastetxe bihurturik: monjak Aldatzen, La Salle ikastetxea Untzuetatarren Jauregian, eta Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Isasiko Markeskua dorretxean.
Argazkia: Aldatzeko Jauregia (Felipe Loiola, Eibarko Udal Artxiboa).
Dokumentuaren akzioak