Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Koldo Lizarralderen "Ingenios hidráulicos" liburua sarean, PDF eta epub formatuetan

2012/04/26
Koldo Lizarralderen "Ingenios hidráulicos en Eibar" liburua Galiziako Tui herrian izango den Nazioarteko Molinologia Kongresoan aurkeztuko da asteburu honetan eta dagoeneko sarean duzue, PDF eta epub formatuetan.

Eskuman, Eskaregi errotako Ciriaco Arana Berraondo, Errotarixa, Eibarko azkenengo errotaria. Aldamenean, Uztapide (Arrate, 1978). Argazkia: Plazaola

Ego Ibarrak kaleratzen duen lehenengo epuba dugu Koldo Lizarralderen Ingenios hidráulicos en Eibar liburua.  Liburu elektroniko hau, PDF formatuan ere badago,  barruko esteka ugarirekin hornitua. Apirilaren 28, 29 eta 30ean izango den Kongresoan aurkeztuko du egileak.

Eibarko azkenengo errotaria Ciriako Arana Berraondo izan zen, herri osoan Errotarixa gaitzizenez ezagutzen zena.  Eskaregiko errotakoa genuen, 1970 inguruan itxi zen herriko azken errotakoa. Koldo Lizarraldek errota hori eta historian zehar herrian izan diren  errota, ola, barrena eta zentral elektriko guztien berri ematen digu;  aspaldi batean loraldi handia izan zuten lanbideak bistarazten dizkigu;  kontu jakingarri asko azaleratu ditu.

Gauza bitxi asko daude liburuan; esate baterako 1733ko otsailaren 22an, abadeak, meza nagusian, eskaintza egiteko unean, herritarrek bertako errotarien kontra zituzten kexak salatu zitueneko hura,  denek uler ziezaioten “en lengua vulgar vascongada” egin zuena.  Orduan alkatea izaten zen ohiko epailea, baina Eguiguren alkateari  herritar batek ere ez zionez salaketarik aurkeztu, horregatik jo zuen abadearengana: pulpitotik esandakoarekin nahikoa  zuen gauzak bere onera ekartzeko eta herritarrei egin behar zutenaren berri emateko.

Dokumentu eta argazki asko ditu PDF formatuan ia 300 orrira heltzen den liburuak. Horietako agiri bat Martin Luzar bikarioak (Jose Luzar kanoigilearen semea, Soraluzeko fabrika nagusirako kanoiak egiten zituena) egindakoa dugu, Agustín bere anaia hil ondoren hark lanerako erabiltzen zituen tresna guztien zerrenda dakarrena (195. orria PDF).

Orain dela mende askotako kontuak gaur egun liburuak egiteko dauden formaturik berrienetan, herriko gauzen oroimena gordetzearren.

  • Sakatu hemen, epub
  • Sakatu hemen, PDF

 

Dokumentuaren akzioak