Martxoaren 19ra arte egongo da aukera Elikagaien Bankuaren aldeko koadro-zozketan parte hartzeko
Zuloaga pintore eibartarraren 27 koadroren kopiak jarri ziren ikusgai joan zen urtearen amaiera aldean Eibarko oihal-dendetan haren lana ezagutarazteko helburuz. Horrekin batera, lehiaketa bat antolatu eta 100 euroko bonoak banatu ziren erosketak denda horietan egiteko.
Abendu amaieran, lankidetza-hitzarmen baten bidez, Udalak Elikagai Bankuen esku laga zituen dendetan jarritako koadroen kopiak, elkarteak zozketa bat egin zezan eta, hala, Bankurako dirua bildu. Hasierako asmoa koadroen zozketa urtarrilaren amaieran egitea zen, baina Elikagaien Bankuak —Udalaren adostasunarekin— erabaki du txartelak erosteko epea luzatzea martxoaren 19ra arte. Hartara, Bankuari lagundu nahi diona herriko 27 oihal-denda horietako batera joan eta bertan eskuratu ahal izango du txartela; zozketarako txartelak euro batean daude salgai.
Gipuzkoako Elikagaien Bankua irabazi asmorik gabeko elkartea 1997an eratu zen Espainiako Bankuen Federazioaren barruan; boluntarioz osatua dago eta hauxe da bere helburua: gosearen, pobreziaren eta janaria alferrik galtzearen aurka borroka egitea. Horretarako, elikagaiak jaso eta premia handiena duten pertsonen artean banatzen ditu.
Bankuak hainbat iturri ditu elikagaiak jasotzeko: besteak beste, elikagai-industria, kanpainak eta bilketak, Europako gizarte-funtsak, dirulaguntza publiko zein pribatuak… Hala, leku desberdinetatik jasotako elikagaik sailkatu eta biltegietan gordetzen dira, gero jendearen artean banatzeko.
Gipuzkoako Elikagaien Bankua Bergaran eta Oiartzunen ditu egoitza nagusiak eta handik bideratzen du herrietan egiten den banaketa. Urtero egiten diren janari-bilketa eta kanpainez gain, ekonomikoki ere lagundu daiteke banku-transferentzia bidez edo elkartearen webgunean bertan dagoen link-a estekatuz.
Dokumentuaren akzioak