Arrateri buruzkoak (Juan San Martin, "Antzinako Eibar")
ARRATEN
SORTZEN DA BIZITZA
Sarrera
Arrateko Andra Mariaren inguruan biltzen diren sineskerak, zazpi itxura horietakoren batean sartzen ez badira ere, zalantzarik gabe, paganoak dira jatorriz eta orrialde hauetan biltzera noa erlijio paganoz eta euskal mitologiaz hainbeste lan burutu duen Piarres Lafitte jaunaren ohorez eta gure arbasoen sineskera ezagugarriz.
Eibar eta Elgoibar inguruetan Arraten sortzen da bizitza. Ezkongaia behar duenak hara jotzen zuen Arrate gainean dagoen harrizko gurutzeari kredoa edo salbea otoitz eginaz hiru buelta ematera; haurrak, beste tokietan zikoinak edo Paris-tik bezala, Eibar eta Elgoibarrera Arratetik ekartzen ziren; haurrik eri zenean, Arratera eroan behar zen Andra Mariaren kapapetik hiru aldiz pasatzera eta Arrate egunean (Arrateko jaietan) Eibarko andrek beren umeak besoetan harturik hiru aldiz igarotzen ziren Amabirjinaren kapapetik. Ohiturarik gehienok oraindik bizirik daude..
Hirutasun horren sinbologian bada besterik ere. Kondairan azaltzen denez, Andra Mari Arraten agertu zenean, eliza eraiki nahi zuten, baina Arrate gaineko zelai hura urruti eta toki altuan zenez, herritik hurbilago izateko Azitainen hasi ziren elizagintzan eta gauaz, Amabirjina gurdiz eta aingeru itxuraz agertuz, hango materialak Arratera jasotzen omen zituen, hiru pausotan. Eta, azkenik, bere borondateari jarraituz, Arraten eraiki zen eliza eta hiru ermitatxo Pauso lekuetan.
Baina, euskal mitolojian beste inon baino nabarmenago agertzen dena, eta zenbait gauza beste inon agertzen ez direnak: bizitzaren sorkundezkoak dira.
Historia eta gotiko aztarnak.
Elizak, bere jaietan, VI. mendetik ospatzen du Mariaren birjinatasuna eta amatasuna(4). Sortzez garbiaren ospakizuna ordea, San Veremundok ekarri omen zuen Britainia Handitik Nafarroara, 1090. urtean Iratxeko monastegira sartuaz eta hortik egin omen zen bere deboziozko zabalkundea.
1498. urtean aipatzen da lehen aldiz Nuestra Señora de Arrate, agiri zaharretan. Eibarko herria batzarturik, biztanleek beren etxeetarako behar zuten egurraren banaketa bertako usa edo herri basoetatik hautaketak egitean(6). Beraz, 1498. urtea baino lehenagokoa dugu Arrateko Andra Mariaren eliza. Polikarpo Larrañaga jaunak bere hitzaldietan zionez, Jesus Haurraren irudiak zintzilik zuen urrezko kate batetik pitxi edo kuttun baten barnean 1430 año aurkitu zuela. Gaur ordea, ez dugu pitxi horren berririk. Hala balitz, XV. mendearen lehen partean jarri beharko dira Andra Mariaren agiririk zaharrenak; irudia bera, estiloz zaharragoa bada ere.
Antzinakoa zen Eibarko hirian bertan Arrate zeritzan ospitalea ere. Horri buruzko erabakiak hartu zituzten San Andres parrokiko burugoaren eta patronatoaren artean, 1595ean, 1508. urteko ordenantza zaharrak berritzean.
Geroztik, berri ugariak eta zehatzagoak ditugu. Bereziki Pio IV.ak 1563. urtean Breve deritzan agiri hura eman zuenetik.
Arrateko Andra Mariaren irudia bera, gotikoa da. Behar bada XIV. mendearen hastapenetakoa, Fr. Jose Adriano Lizarralde zenaren ikerketa eta eritzieri jaramon egiten badiogu. Arrateko elizaren burualdea bera, arkitekturaz, bere solairu poligonala kantoi bakoitzean ostikoz indartutako hormekin eraikia, gotiko itxura du, atari alderako partea geroago luzatutakoa bada ere. Zalantzarik gabe, 1498. urtean aipatzen zen eliza da bere parterik zaharrena den hori.
Eliza handitzea XVI. mendearen azken partean egin baizen, eibartar dirudunen laguntzaz, bereziki Elexalde jaunak Flandesetan Espainiako gudarosteen kontaduria eramaten zuenak 1577an emana zuen diru-laguntzaz(11). Elizaren handitze lanak Martin Garmendiak hartu zituen kontratuz eta barneko hormak irudiz pintatzea Gaspar Narria mondragoar pintatzailearengan gelditu zen. Beraz, bi parte horietan oinarritzen da elizaren egitura, lehenik XV. menderako eraikia zena, oraingo elizburu aldea bera, eta XVI.aren azken partetik XVII.aren lehenengorakoa, Pizkunde garaiko estiloz egina.
Sortzez garbia (Purísima concepción) dela titulua Breve-aren bidez hartu zuen, 1563. urtean, eta Erdi-Aroko Andra Marietarik lehena da Euskal Herrian izendapen horrekin jabetzen zena.
Kondaira
Artzain batek aurkitu zuen Arraten Andra Mariren irudia, kondairak dionez; eta Azitainera jaitsi omen zuten, Eibartik hurbilago edukitzeko. Azitainen hasi ziren eliza eraikitzeko asmoz harriak biltzen, baina gauaz, elizagintzarako harriok norbaitek garraiatzen omen zituen Arrate gainera. Zaintzaileak jarri zituzten gauaz. Eta, zelatan zeudela, bei zuri eta belzdun gurdi bat agertu omen zen, aingeru itxurako neska eder bat bere gainean zela, eta harriak kargatuz esan omen zuen:
Aida, txuri ta belio;
zelataka dagoanari
begiak urten bekio;
berriz makurka dagoana,
oker gelditu beio.
Eta odei argitsu batek harturik eroan omen zituen gurdia eta beiak aingeru itxurako neskatila lirain zoragarriarekin. Zelatari ziren Pagoaga eta Zelai baserriko mutilak, bata begibakar eta bestea lepoker gelditu omen ziren eta arrezkero bi baserriotan begibakar eta lepokerrak jaiotzen omen dira .
Kondaira hori Euskal Herrian oso zabaldua dago, "Arrateko kantategia" deritzan lanean aipatzen nuen bezala. Ataunen eta Ziortzan J. M. Barandiaranek jasoa duenez, Jentileri eransten zaion kondaira berbera eta Arradoyn Mari zen menditik harri handiak gaztelugintzarako eramaten zituena.
Arrateko honen lehen berriak M. Martinez Aguirrek eman zituen Euskal Erria aldizkarian, 1884. urtean.
Azitaindik Arratera, Amabirjina, hiru pausotan igotzen omen zen. Norbaiti entzuna diot beiei edo idiei aldatz gorako nekean eman zioten atsedenaldien tokiak direla. Dena dela, hiru pausaldi daude Azitaindik Arratera bidean gora, hiru ermitatxo edo kapera tipi (erdaraz humilladero deritzen zaien horietakoak), galtzada zaharraren ondoan, pausoen oroiz eta erromesak otoitz egin dezaten.
Hiru pauso horiek ba ote dute ezer ikustekorik Eibarren bertan zaharregandik jasoa nuen jentil kondairarekin? Karakate gailurrean,hanka bat, Illordon bestea eta Arraten eskuak ipinita Maltzagan ura edaten zutela. Baina, horrez gainera, Maltzaga gainekaldean, Karakateren hegian kokaturik dagoen Iturbe-barri baserriko agure zaharrak zionez, jentilak hiru pausotan igotzen ziren Arratera. Elgoibarko zaharrentzat, Sanson jentil gizonak, belaun bat Karakaten, bestea Arraten ipinita, Maltzagako zuloan Deba ibaian ura edaten zuela. Egiten zuen zurruztadarekin ibaia agortzen zela eta elgoibartarrak une horiek aprobetxatzen zituztela urpeko lurrazalean saltoka agertzen ziren arrainak hartzeko .
Antzerako kondaira, Astigarribiako Benta baserriko Joakin Eizagirreri jaso nion aspaldi. Jentilak, Arno gailurrean anka bat eta bestea Xoxoten (Izarraitz mendiko Garailuz) ipinita ibaian ura edaten hasi eta Benta baserriko txanela irentsi zuela; lehenagoko zaharrak ziotenez.
Baina bada besterik ere herriak kristautasunekoa antzinagoko mitologiarekin nahasturik erabiltzen duena, eta horren adibide bat baizik ezta zeruko berri ematearena. Bestalde, zeruko berri ematea bera eguzkia gurtzearekin ere nahasten da. Adibidez:
-Illargi amandrea,
Zeruan zer berri?
-Zeruan berri onak
orain eta beti.
Eta, Arrateko kantategian bada era horretako bertso bat:
-Uso zuri ederra,
zeruan ze berri?
-Zeruan berri onak
orain eta beti.
Gai hortaz, J. M. Barandiaranek jasoaz gainera, ikus eguzkia gurtzeaz egin nuen bilketa eta eritzia, herri kantetan irudiak nahastearen adibidez.
Gurdiz aidean harriak Azitaindik Arratera eroatea bera ere mitologiako Mariren ekintzetan agertzen zaigu. Amezketan bildua denaren arabera. Bestalde, baita ere, Eibarko zaharren ustez, Amabirjiñak zazpi aizpa dira eta horietako bat da Arrateko Andra Maria. Eta, horrek, arestian aipatutako zazpi itxurekin badu zer ikusirik.
Ezkongaiaren bila
Eibartarrontzat ez ezik inguruko herrietakoentzat ere, ezkongaia aurkitzeko, Arrate gailurrean eraikirik aurkitzen den harrizko gurutzeari hiru buelta eman behar zaizkio (**). Latsurregik bere bertso batean jartzen zuenez, kredoa otoitz eginaz. Baina, Polikarpo Larrañagak salbe otoitzez zion bere hitzaldi haietan(20).
Dena dela, oraindik ere bizirik irauten du ohitura horrek. Otoitzez edo nahiz otoitzik gabe, baina erreguz, nonbait eskaria bera da garrantzizkoena. Mutilak gogozko neskaren baten eskean eta neskak, alderantziz, gogozko mutilen baten eskean. Latsurregik bere bertsoan zion bezala:
Arrateko bidean
Azitain aldetik
harrizko gurutze bat
dago aintzinetik.
Han Kredo bat, han Kredo bi,
nahi dunak hamabi.
Laguna topatzeko
ez da gauza hoberik(21)
Gurutzearen biran ematen diren hiru buelta horiek, hiru dibinitateen sinbologiaren oroimena dakarte. Gurutzeari hiru buelta, Arratera hiru pauso eta aurrerago aipatuko ditudan hirukoiztasun horiek badute elkarren artean magiazko zer ikusirik. Orain, gazte askok nahasten dute hirukoiztasun hori, zeren antzinatik, harrizko gurutzeak bere biran zituen harrizko hiru harmailen arabera egiten bai zen, baina 1941eko haizetzak bota zuen gurutza eta berriz eraikitzean, altura gehiago eman nahirik, ormigoizko bost harmaila jarri zizkioten eta ordutik lau eta bost buelta ere ematen zaizkio. Gurutzea, 1652. urtetik hor dago, baina 1839 zizelaturik duenez, lehenago ere berritzeren bat izan zuen nonbait. Ohitura, esan ohi bezala, Polikarpo Larrañaga berak jaso zuen: "...bere inguruan iru aldiz ibilli ezkero bakoitzian Salve erresatuaz, ezkongei aukerakua azaltzen dala".
Behar bada kopla zaharretako adibideak badute gurutzeari bueltak ematearekin zer ikusirik. Kanta horietan agertzen denez, zozoa edo eperra izaten bai da Arraten neskarik ederrena non den kantaren bidez azalduz:
Eperrak kantatzen dau Arrate gaiñian
neskarik ederrenak Zaldibar aldian.
Zozuak kantatzen dau Arrate baillian
neskarik ederrena Eibarko kalian.
Eperrak kantatzen dau Arrate partian
neskarik ederrena San Pedro aldian(23).
Arrateko jaietan pandero jotzaileen edo trikitilarien ahoetatik ez ezik erromeriatik aparte ere non nahi eta noiznahi entzuten dira holako koplak. Xori bat berri emaile izate horrek ere badu bere antzinatasuna. Eibarren, zerbait dakigula adierazteko, albistariaren izenik salatu gabe, edo salatzailearen izenik eman gabe, "Txori-txiki batek esan deusta..." erabiltzen dugu. Zoriona ekartzea ere, xoriak berri ona ekartzea da bere etimologiaz. Behar bada, bere jatorrian egualdiari loturik erabiliko zen, noski, baina gero beste erabilera bat hartuz hedatua da Euskal Herri guzira.
Baina Arrateko gaiari kokatuz, "Arrateko kantategian" jaso nuen bezala, neskak aurkitzeko ez ezik mutilak aurkitzeko ohiturak ere aipatzen dira kanta zaharretan. Azkuek jaso zuen kanta batean hara nola adierazten den:
Altzola goiti dago, bai Mendaro baiño
mutila merkeago, bai neskatxa baiño.
Mutila nahi duenak beretzat erosi,
Arrateko zelaian txanponean zortzi.
Onak baldin badira, eztira garesti;
txarrak baldin badira, probatu ta utzi.
Lau, bost, sei, sardiña-makaillero;
sei, zazpi, ez gabiltza gaizki. (24)
Antzina, 1563. urtera arte, abenduaren 8an ospatzen zen Arrateko jaia, Sortzez garbiaren egunez; baina, tokia altua izaki, eta garai hortan gain hura hotza zenez eta inoiz elurra ere agertzen zenez, herriaren eskariz Pio IV.ak eman zuen Breve delako agiriaren bidez Arrateko jaia irailaren 8ra aldatzeko baimena. Garai haietako jaien berri zehatzik ez badugu ere, azken mendeetan (XVII.etik XIX.era bitartean jarriko nuke) zortzi egunez ospatzen ziren Arrateko jaiak. Baina, mende hontan ez da ezagutu horrelako iraupenik.
Gure mende honen lehen partean P. Larrañaga zenak jaso zituen bere garaiko ohiturak. Xehetasunez jaso ere. Bere adierazpena jarraituz, honako hau agertzen zaigu (gure egunotan ohi ez dena): Irailaren 6an, goizean goiz, gurdi eder bat agertzen da Errebaleko komentu aurrekaldean, bei beltzez eta txuriz, maiordomo bat dela gidari. Hamabi dontzeila hurbiltzen dira gurdira, guziak zuriz apaindurik; komentura igo eta komentutik jeitsi, Amabirjinaren jantziak eta elizarako tresneria gurdian txukun ipiniz. Kutxa handi batean koroia eta gainerako jantzi eta pitxiak, baliorik handienetakoak. Gurdia gertatzen duten bitartean, beste bi gurdi dabiltza kalez-kale, jaiak Arraten igaro nahi duten etxeetatik ontzi, jantzi, janari eta gainerakoak bilduz. Komentuko kanpaiak jotzen hasten direnean, hiru gurdiak abiatzen dira Arrateruntza, bidean sutunpak eta dunbadak boteaz.
Arratera heltzeaz bertako kanpai hotsak hasten dira, ongi-etorria emanaz; jendea irrintzika, zantzoz eta kantaz delarik. Egun hortan hamabi dontzeilak garbitzen zuten eliza eta Amabirjina jantzi ere bai. Biharamunean, irailak 7, egunsentiarekin txistulariak kalejira eta jendetza handia bilduz guziak Arrateruntza. Han goian, hamarretan, ehun dukateko mezarekin jaiak hasteko (25).
Eginkizun horietarako dontzeilak izateak ere badu nonbait bere ager nahia. Emankortasunaren zeremoniatik datorrena dela esango nuke. Hau da, dontzeilen eskaintzatik sortua. Erromako vestales zirelakoen antza ere badute.
Gauzak hiru gurdiz eroate hortan ere hirutasunaren sinbologia ez ote? Zeren, hirutasun hau zenbait aldiz agertzen bai zaigu: hiru dira gurutzari eman beharrezko bueltak; hiru, bideko pauso edo atsedenak; hiru, tresneria eroateko gurdiak; eta ondoren ikus dezakegunez, hiru aldiz haurrak Amabirjinaren kapapetik igarotzeak.”
Dokumentuaren akzioak