Azitaingo elizaren antzinakotasunaz
Zaila da benetan honelako gurtza-lekuak zein sasoitan jaso ziren zehaztea, batez ere, euren sustraiak Erdi Aroan iltzatuta egotera, hori egiaztatu dezaketen dokumentuen falta edo hutsunea bereziki kezkagarria delako.
Kontuan hartu behar dugu Erdi Aroak mende asko hartzen dituela eta mendeak zenbat eta antzinagokoak izan orduan eta informazio gutxiago. Hortaz, ez da erraza izaten horrelako ermiten existentziari buruzko dokumentu-erreferentziarik aurkitzea: herri barrutik aparte eraikiak, XIV. menden datatuak; gutxiago oraindik hori baino antzinagoko mendeetakoak badira. Normalean, horrelako aipamenak esparru ofizialeko dokumentuetan egiten dira, batez ere herriak eratzeko edo sortzeko pribilegioetan (hiri-gutuna), hiri berriari esleitutako udalerri-jurisdikzioaren gorabeheran honelako enklabe-motak inoiz aipatu egin izan baitira horrelako dokumentuetan. Ez da hori Azitainen kasua, Eibarri 1346an emandako hiri-gutunean horri buruz ez delako inongo aipamenik egiten; gainera, dagoen lekua ere ez da egokiena edo aproposena horrelakoetarako, ez delako aurkitzen antzinako Villanueva de San Andrés herri haren jurisdikzio-inguruaren muga bazter batean ere.
Orain dela hamarraldi batzuk, Azitaingo elizan egin ziren konponketa-lan batzuen ondorioz, harrizko aurretiko batean tailatutako inskripzio bat agertu zen, ermita kontzejuaren menpe zegoela esaten, hau da, "jurisdikzioaren agindupekoak" ziren haietako bat zela.
Alde batetik, inskripzio horrek berretsi egiten zuen gurtza-leku horrek ez zuela sekula izan Untzuetako jauntxoen babesik -historiari buruzko hainbat artikulutan hitzerdika aipatzen zena-; uste hori oker zegoela.
Bestetik, epigrafeak zekarren iruzkinaren argitan, ematen zuen ermita hau hiri edo herri berria eratu eta modu ofizialean sortu ondoren -1346. urtean- izan zela eraikia.
Nire iritziz, era horretako eraikinen sorrera edo jatorria dokumentu bidez datatzea ezinezkoa bada ere -hala ere, beti izaten dira beste aukera batzuk dataziora gerturatu edo hurbiltzeko, esate baterako, arkeologiaren diziplina erabilita-, honelako enklabe erlijiosoak gure inguruko hiri-populatze mugimenduaren aurretikoak dira eta udalez aurretiko antolaketari atxiki behar zaizkio, hau da: baserri-kofradien inguruan eratutako antolaketari, kofradiak elkar hartuta edo batuta herri edo hiri-gune baten fundazioari bide eman baitzioten.
Gauzak horrela, Arexitako kofradia zaharrak berebiziko garrantzia du, Azitaingo Amabirjinaren ermitaren inguruko lurraldea hartzen zuelako eta esparru soziologiko horretan aurkitzen zelako.
Baina iritzi eta gogoeta horiez aparte, artikulu edo idatzi honen helburua Gaztelako Chancilleriak edo Goi-auzitegiak gordetzen duen dokumentu baten berri ematea da, ermita horri buruz ezagutzen den dokumenturik zaharrenaren berri ematea.
Orain arte, dokumentuen arteko aipamenik zaharrena 1492ko irailekoa genuen, udal bideen zedarriztapenari buruzko eskritura batean "desde la yglesia de Santa María de Açitayn fasta la casa de Elçarriçaga" bidearen deskripzioa ematen zuena.
Ostera, orain dela gutxi bilatu dugun dokumentu hori ezkontza-kontratu batena da, "en la yglesia de Santa María de Açitayn que es en la jurisdiçión de la villa de Sant Andrés de Eybar, a siete días del mes de henero de mill e quatroçientos e nobenta annos" izandako ezkontza batena. Gauzarik bitxiena: ezkontide bietako batek ere ez zuen itxura batean behintzat erlazio edo harreman zuzenik Azitainekin. Senargaia, Juan izenez, jatorriz elgetarra zen eta Elgetan bizi zen; Martin de Arezcurenaga eta Nabarra de Mayaren semea zen; emaztegaia, Gracia izenez, elgoibartar gailen biren alaba zen, Juan de Azcarate eta Gracia de Sarasua senar-emazteen alaba, "veçinos de la Villamayor de Marquina" biak. Ez dakigu zergatik aukeratu zuten Azitain ezkontzeko, baina ziur aski, herri bien artean geratzen zen lekua zelako izango zen; izan ere, kontuan hartu behar dugu Madaltzagatik Elgeterako bidea, zupidea , "Ego Elgueta" izeneko bidea, sal-erostaileek eta oinezkoek erabiltzen zutena, Apalategiko ibitik abiatzen zela, eta handik, Loiola eta Eizkoaga baserrietatik igaro eta Elgetara heltzen zela.
Zen moduan zela, dokumentu horrek aurreko dokumentuak baino urte bi lehenagora garamatza. Hemendik aurrera, Eibarko enklabe edo leku esanguratsu honi buruzko antzinako berri gehiago argitara ematen joango direlakoan gaude.
Dokumentuaren akzioak