Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

6.- Fauna eta flora

ib4006.jpg Saturixo erreka alboan duela, eta San Pedro eta San Migeleko baso eta inguruak ere bertan, Arrate Balle leku aproposa da Eibarko beste auzo batzuetan aurkituko ez ditugun animalia espezieak ikusteko: azeria, ipurtatsa edo muxarra bezalako ugaztunak beste auzoetan baino sarriago agertzen dira Arrate Ballen, eta basurdea ere sarritan heltzen da Arno inguruan duen bizilekutik. Horiez gainera, jakina, hainbat eta hainbat hegaztirendako etxea ere bada auzo hau; prismatikoak aldean ditugula mendi-ostera txiki bat egitea besterik ez dugu horretaz jabetzeko. Guzti horiek ikusteko onena, pinadietatik alde egin, eta erdi-ezkutuan dauden zuhaiztietara jotea. Jatorrizko baso gutxi geratzen den arren, oraindik ere aurkituko ditugu harizti, pagadi eta gaztainadiak. Aspaldi jan zien lekua pinu beltzak bertoko zuhaitzei, baina gaur egun ere, Eibarko beste inguruak baino hobeto dago zainduta  Arrate Ballea, eta neurri txikian bada ere, astigar, lizar, gereziondo, haritz eta abarrak, badute euren tokitxoa bailara honetako lekurik ezkutuenetan, erreka bazterretan gehienbat.

Argazkia: Musker berdea (Lacerta viridis) Arrate Ballean (Asier Sarasua).

Dokumentuaren akzioak