7.- Arizmendi-Barrenetxe ingurua: baserriak eta errotak
Azitaindik Arratera "Pausuetatik" egin baldin badugu, beherako bidea Arrate Balle auzoaren erdi-erditik egingo dugu, bertako baserri eta ingurune ederraz ondo gozatzeko. Bidean Gaztelu eta Umaixo baserriak atzean laga ondoren Arizmendira helduko gara. Arizmendi ingurua izan da mendeetan zehar auzoaren bihotza: Arizmendi, Sanjuangua, Zelaikua, Untzeta, edota beherago dauden Arikitxak (Arexita)... Izan ere, zenbait idazkitan jaso ahal izan dugun moduan, auzoa bera ere Arizmendi eta Arexita izenez ezagutu izan da. Ezin ahaztu, horiekin batera, inguru berean dugun Barrenetxe baserria, auzoaren historian garrantzi handia izan duen etxea. Bertatik erraz helduko gara Barrenetxe errotara, Eibar eta Elgoibar arteko muga den Saturixo errekaren bazterrean dagoen errota zaharrera. Elgoibartarrak diren Irunaga eta Osoro errotak ere inguruan aurkituko ditugu. Errotek Euskal Herriaren historian izan duten garrantzia aipatzea begibistakoa da, eurak zirelako baserrietan jasotzen zen arto eta garia ehotu eta irin bihurtzen zuten "lantegiak". Hala ere, bizimodua aldatuz joan da, gaur egungo beharrak ez dira orain dela 60 edo 80 urtekoak, eta XX. mendean zehar Eibarko ia errota guztiak desagertu zaizkigu. Lehenengo Aginagako Errotatxo edo Zubitza errota eta Otola inguruko Agirreazaldegi; orain dela gutxi, Apalategi eta Ezkaregi. Bide bera izan dute Eibarko errota gehienek, eta gaur egun tente gelditzen zaigun bakarra Barrenetxe-errota da, betirako joan zaigun sasoi eta bizimodu baten azken lekukoa.
Argazkia: Belarra eta egurra gordetzeko egurrezko txabola Zelaikua baserri parean, 1998 (Asier Sarasua).
Dokumentuaren akzioak