Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

5.- Arrateko Santutegia

ib4005.jpg Gurutzetik zuzen Arrateko Santutegira helduko gara. Baseliza hau ezagunenetarikoa dugu Euskal Herri osoan, eta irailaren 8an ospatzen den erromeriara beti ere etorri izan da jende ugari, baita urruneko lekuetatik ere. Aspaldi da ezaguna, eta idazkietan "Arriarteko Andra Mari" izenez ageri zaigu. Eraikina nabe bakarreko eliza handia da; nabe bakarrekoa eta atariduna. Elementu aipagarri asko ditu elizak: Erretaula, Ignazio Zuloagaren margo-lanak, sabaia eta bertatik zintzilik duen itsasontzia.... baina Eibartar eta ingurukoentzako elementurik aipagarriena bertan dagoen Arrateko Amaren irudia da. Irudi honek Eibartarren artean debozio haundia du, baina horrez gainera, txistularien eta trikitilarien Ama ere bada, eta Carmengo Amarekin batera euskal arrantzaleen Ama ere bai. Antzinakoak dira bertarako erromesaldiak eta bere omenezko kopla zein bertsoak:


"Atozte Arrate´ra jentia/ aldapan bada ere nekia/ adoratzen birjiña santia./ Izanik bada au gure jabia/ emango digu bere grazia." (1710eko koplak).


Arrate bisitatu ostean Elgoibar aldera abia gaitezke, San Pedro ingurura. Bestela beheranzko bidea hartuko dugu, Arizmendi eta Barrenetxe baserrietatik behera, Arrate Ballea ezagutzeko.

Argazkia: Arrateko Ama Birjina (Eibarko Udal Artxiboa).

 

Dokumentuaren akzioak