3.- Hiru pausoak: Eltzartza, Sumendixa, Lezeta abeletxe
Arraterako igoera "Arrateko Pausoak" izeneko bidetik egingo dugu. Kondaira zaharrak dioenez, Ama Birjina Arraten edo Arriarten agertu zitzaion artzai bati. Hori ikusita, eibartarrek bere omenezko eliza bat eraikitzea erabaki zuten. Baina Arrate gaineko zelai hura urruti eta toki altuan zenez, herritik hurbilago eraikitzea erabaki zuten, Azitain aldean. Bertan hasi ziren eliza eraikitzen, baina gauez, aingeru itxuraz agertuz, Ama Birjinak harriak burdi gainean jasotzen omen zituen Arrateraino, bidean hiru pauso edo geldiune eginez. Gizaldietan zehar, horixe izan da eibartarrok Arratera igotzeko erabili dugun biderik arruntena, eta Ama Birjinaren hiru geldiuneen oroigarri, bidean aurkituko ditugun hiru ermitatxo edo "Santutxo"ak.
Ibilbidearen hasiera Azitaingo elizaren eta Untzuetatarren jauregiaren tartean dagoen rotondan dago, zeramika lan batez adierazita. Toki berean, Eltzartzako zubi zahar berreraikia eta Apalategi errotaren harriak ere ikusiko ditugu, gaur egun galduta edo ahaztuta dauden erroten oroigarri: Apalategi, Ezkaregi, Azitain, Barrenetxe... beste garai bateko ohituren isla.
Bertatik abiatuko gara, Eltzartza baserri ingurutik gora, orain gutxi berritu diren hiru Santutxoetan geldituz:
- Lehenengoa Sumendixa baserriaren inguruan dago. Bertan J.A. Azpilikueta artista eibartarraren lana ikusiko dugu, kondaira zaharra azalduz.
- Bigarren pausoa, Lezeta abeletxe inguruan dago, eta aterpe horretan Esther Galarzaren arte-lana ikusiko dugu. Zeramikan egindako lana da, esmaltez apaindua, eta Arrateko amaren irudia eta abestia, "Arrateko Ama" ezaguna, erakusten ditu.
- Hirugarrena aurrekotik 10 minutu ingurura dago, Zestorokuan, iturria baino metro batzuk gorago. XVII gizaldiko grabatu baten erreprodukzioa du apaingarri. Jule Egañak egindako lana da, eta baserri munduko zein itsas munduko irudiak biltzen ditu.
Bidea jarraituz beste 10 minutu inguruan Arratera helduko gara.
Argazkia: Eltzartzako zubi zaharra, Azitainen. Bertan hasten da Arrateko Pausuen ibilbidea (Eibarko Udal Artxiboa).
Dokumentuaren akzioak