Eulojio Garate Osoro (1889-1965)
1930. urtean, GACak armagintza bazterrean utzi zuen eta bizikletak hartu zituen bere fabrikaren ardatz nagusi. Zalantzarik gabe, Eulojio Garate, aitzindaria izan zen Eibarko industriaren birmoldaketan. Orbeak, BHk eta gero beste tailer askok Eulogio Garateren bideari jarraitu zioten.
1927. urtean, bizikleta-salmenta bultzatzeko, Eulojio Garatek, Hermogenes Larrañagak eta Eulogio Bustinduik EL CLUB CICLISTA G.A.C. sortu zuten; gerora CLUB CICLISTA EIBARRÉS izena hartuko zuena. Txirrindularitza lasterketak antolatzen hasi ziren herri guztietan. Eulogio Garate zinegotzia izan zen Errepublika sasoian.
Gerratean, Frantzian lehenengo, 1937 urtetik aurrera, eta gero Argentinan, erbesteratua bizi behar izan zuen. Frantzian zegoela, Frich Mandel Austriako enpresa gizonak Eulojio hartu eta Argentinara bidali zuen "Kometa" eskopeta jasotzera. Luis Ormaechea eibartarrarekin zortzi hilabetez lan egin zuen makina egokiak eta eskopetagintzako teknika modernoak aztertzen.
Azkenik Eibarrera itzuli zen 1953. urtean, eta bere bizitzaren azken hamabi urteak herrian igaro zituen.
Dokumentuaren akzioak