Bittor Sarasketa Suinaga (1864-1930)
Gazterik hasi zen armagintzaren alorrean beharrean, 'Makalarro' industria-gizonaren eskutik; laster nabarmendu zen oso behargin fin eta on bezala. 1887ko industria-matrikulan azaltzen da Sarasketaren arma-tailer txiki bat; 1895era arte behargin batekin azaltzen da; eta 1896ra arte, sei dira matrikula horretan azaltzen diren beharginak. 1899. urtean Francisco Cortaberria eta Jose Urizar empresariekin elkartu zen, "Sarasqueta, Cortaberria y Cía." lantegia sortuz.
1906ko urrian, bera bakarrik geratu zen tailerrarekin eta bere sei semeak sartu zituen berarekin beharrera, sozio legez.
Bere lantegian egindako eskopetak finak ziren, horixe zen Sarasketaren lanaren ezaugarririk nagusiena: ondo egindako beharra zeukan helburutzat eta bere lantegian armak probatzeko leku bat prestatu zuen, kalitatea hobetzearren. Zera zioen: ez zela nahikoa Arma Probatokian egindakoarekin, hori baino gehiago erakutsi behar zutela bere armek. Eskopetak probatzeko aparatu bat asmatu zuen.
Patente asko zeuzkan bere izenean. Hona hemen bere ibilbidearen garrantzitsuenak: 1890. urtean, eskopeta-bastoia asmatu zuen, EGOKIA izenekoa; 1891. urtean, "Diversas clases de listas de las armas de fuego, para mejorar la puntería"; 1897. urtean, V.S. hizkiak eta erbi baten irudia hartu zuen marka legez eta 5596. zenbakiarekin erregistratu; 1909. urtean, ehiza-eskopeta berri bat asmatu zuen, EDER izena zuena.
Sarasketaren ospea hori Madrileraino iritsi zen. Alfonso XIII. erregeak harremanak izan zituen Bittor Sarasketarekin haren eskopetak gustuko zituelako. Bittor Sarasketa ehiztari handia zen; plater tiroa ere oso gustukoa zuen. Bere semea, Bittor Sarasketa Basterrika, munduko ehiztaririk onenetariko bat izan zen.
Calvó adituaren iritziz, Sarasketa da XX. mendearen hasierak eman zuen eskopetaginik onena.
Dokumentuaren akzioak