Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jazinto Olabe Azpiri (1877-1957)

Jazinto Olabe 1877ko abuztuaren 15ean jaio zen Eibarren, eta 1957. urtean hil zen. Margolari ezaguna izan zen.

Marrazkilari eta erretratugile aparta, Eibarren jaio zen 1877ko abuztuaren 15ean. 1886. urtearen inguruan, Mercedesera (Argentina) joan zen familiarekin, eta han jaso zuen lehen arte-prestakuntza, Sofonías Miguel Krncséken zuzendaritzapean. Sasoi hartan, argazki-erretratuen kopiak egiten hasi zen ikatz-ziriz eta marrazkirako zituen kualitate bikainak erakutsi zituen (Leandro N. Alemen erretratua, 1888). 1894an aita hil zitzaionean, familia Eibarrera itzuli zen.

Madrilgo Pintura, Eskultura eta Grabatuko Eskola Berezian ikasi zuen 1896-1901 artean

Argentinatik pintore izateko nahia ekarri zuen, eta bi urte geroago, 1896an, Madrilgo Pintura, Eskultura eta Grabatuko Eskola Berezian sartu zen, eta bertan bost ikasturte egin zituen, kalifikazio bikainekin. Han izan zituen, besteak beste, Aurelio Arteta, Alberto Arrue, Elias Salaverría eta Valentín eta Ramon de Zubiaurre. Ikasketa akademikoan murgildutako izangai gehienek bezala, bere prestakuntza  Madrilgo Círculo de Bellas Artes-en marrazketa naturalak eginez eta Prado Museoan kopiak eginez osatu zuen. Ez du ematen mezenasgorik izan zuenik, hitzaren zentzurik hertsienean, baina, hala ere,  ikasle izatearen zailtasun ekonomikoei aurre egin zien eta Isasiko markesaren zerbitzurako hartu zuten.

Hasieran bertan agerian geratu zen ez zuela sustapen pertsonaleko estrategiarik, eta, neurri handi batean,  gabezia hori izan zen bere ibilbidearen ezaugarri nagusia,  karrera baldintzatu ziona. Bere kideak hainbat lehiaketatan ezagutarazten ziren bitartean, Olave ekimen horietatik kanpo geratu zen.

Ikasketa ondorengo lehenengo urteak: 1901-1917

1907tik aurrera Eibarko Udal Akademiako marrazki-irakasle izan zen, herriko hainbat gazteren irakasle eta eredu izanik

1901ean Ama ona pintatu zuen, prestakuntza-aldi hartako beltxarga-kanta. Pintura intimistaren adibide nabarmena da, eta haren ikaskide batzuek, mende  arteko urte haietan, pintura mota hori ziharduten lantzen. Hala ere, ez zion jarraipenik eman. Eibarrera itzultzean, aurre egin behar izan zion margolan-eskaera urriari, baina, hala ere, ez zuen inolako ahaleginik egin bere obra zabaltzeko. Eta beti erakutsi zuen apaltasun harekin, alde batera utzi zuen pintura, eta 1919 arte metalaren grabatuan eta damaskinatugintzan aritu zen; 1907tik aurrera, Udal Akademiako marrazki-irakasle gisa jardun zuen, nahiz eta, noizean behin, argazkietan oinarritutako erretratuak ikatz-ziriez egin. Horietako batzuk, herriko biztanleen irudiak (Asti tenorea, Miguel Anitua, Mateo eta Sinforosa Orbea, etab.), 1908ko Eibarko Arte eta Industrien Erakusketan erakutsi zituen, Euskal Jaien testuinguruan antolatutako erakusketan, hain zuzen.

Hala ere, parentesi-aldi horretan inplikazio nabarmena izan zuen herriko beste artista batzuk omentzeko zenbait ekimenetan eta Eibarren Arte eta Industrien Erakusketa berri bat antolatzen,  1914. urtean. Ekitaldiaren kartela diseinatzeaz gain, hamar urte baino gehiago zituen Ama ona  margo-lana erakutsi zuen;  laudorio ugari jaso zituen lana, eta, horregatik jende askok pinturara itzultzeko iradoki zion.

Margolari bizitzaren hasiera eta jendearengana hurbiltzea

Eta itzulera hori 1917an iritsi zen, grabatugintzarekin eta damaskinatugintzarekin uztartuta.  Villamarcieleko kondeek Isasi jauregian utzi zioten estudio bat, han jardun zezan lanean, eta urte hartan erakusketa txiki berezi bat egin zuen, hainbat pertsona ezagunek bisitatu zutena —Ignacio Zuloagak, besteak beste—.

Jazinto Olabe Azpiri (Eibar, 1877-1957)

Urte luzez ikatz-ziria erabilita margotu zituen bezero berberek posatu zuten orduan beren olio-pinturetan agertzeko, baina hurrengo urteetan askotariko gaiak jorratu zituen, erlijio-lanak (Jesusen Bihotza) edo obra kostunbristak (Euskal gorularia, Euskal idilioa, Iturrira, Merkatura, Chomin) erabiliz.

Hamasei urtez ia erabat isilik egon eta gero, jendearengana hurbildu zen hamarkada arteko urte haietan. Amaitu berri zituen lanak bere estudioan aurkeztu zituen eta foro kolektiboetan erakutsi, hala nola Eusko Ikaskuntzaren Kongresuaren testuinguruan antolatutako erakusketetan –1918an Oñatin eta 1922an Gernikan egindakoak–, eta urte batzuk geroago, 1927ko Eibarko Arte eta Industrien Erakusketan.

Urte haietan, batez ere, Eibarko hainbat pertsonaren erretratuak egin zituen, olioz eta ikatz-ziriz, baina baita zenbait korporazio publiko eta politikotarako erretratuak ere, gipuzkoar pertsona ospetsuenak, hala nola Fermín Calbetón eta Rosario Ostolaza (Debako Udala), José Guisasola eta Catalina Vigné (1928-1930, Eibarko Udala) eta Aquilino Amuategui (Eibarko Herriaren Etxea).

Bigarren Errepublika aldarrikatzearekin batera, Eibarko Udalak hainbat enkargu egin zizkion: bata erregimen berriaren alegoria (1931) eta bestea Justiziarena (1932), itxura denez, Gerra Zibilean desagertu zirenak.

Errepublika garaian hainbat enkargu egin zituen Eibarko Udalarentzat

Urte horietan, erretratuak egiten jarraitzeaz gain —bere lagun ziren Ciriaco Aguirre medikuarenak (1933) eta Asti tenorearenak (1933), besteak beste—, haurren erretratuak pintatzen hasi zen, modeloaren espresioa bereganatzeko asmoz.

Gerra Zibila iritsi zenean, abiazio frankistak eraso egin zion Eibarri, eta 1937ko apirilean herriaren zati handi bat suntsituta geratu zen. Desagertutako eraikinen artean Olaveren etxea eta estudioa zeuden eta, haiekin batera, bertan gordetzen zituen marrazki eta olioen parte handi bat ere galdu zen. 1936an herriaren ikuspegi bat margotu zuen, haren pintzeletatik atera zen paisaia gutxietako bat: horrexek ematen dio koadroari halako iragarle-kutsu bat. Etorkizun zalantzazko baten aurrean, bere ingurunea iraunarazteko desiratzat interpreta daiteke.

Gerra osteko urteak

Berrogeiko hamarkadan, kostunbrismoa landu zuen berriro 1910 eta 1920ko pintoreen ildotik, eta erlijio-generora ere itzuli zen, haren ekoizpenean ia ahaztuta zegoen gaia eta gerraosteko urteetan sortzaile askorentzat irtenbide bilakatu zena.

Belarritako berriak. Egilea: Jazinto Olabe (J. Ignacio Olavek utzitako argazkia)

Aldaketa handia gertatu zen orduan publikoarekiko harremanaren aurrean zuen jarreran. 1942tik 1950era bitartean, hamar erakusketa egin zituen (zortzi Donostian, bat Zaragozan eta bestea Baionan). Garai horretakoak dira bere obra ezagunenetako batzuk, hala nola Lausengua (c. 1945), Merkatutik bueltan (c. 1948), Kafe-etxea (c. 1948), Ume gaixotua (1948) eta Belarritako berriak (c. 1948).

1951n Udalaren Marrazketa Akademian erretiroa hartu zuen, baina erretratuak, eszena kostunbristak, paisaiak eta bodegoiak margotzen jarraitu zuen 1955 arte. Konposizioetan plano orokorrak, figurazio sintetikoak eta kolore arbitrarioak erabiltzea, horiexek dira Eibarko margolariaren azken etapa horren ezaugarri nagusiak.  Azken lana Nerea Beascoechea (1955) errainaren erretratua izan zen. Harridura pizten du koadroak, fauvismoarekin dituen konexio berantiarrengatik. Koadro hori amaitu zuenean, Vicente Olave semeari esan zion bere azken erretratua izango zela, ikusmenean zituen zailtasunengatik. Handik urte bira hil zen Eibarren, 1957ko irailaren 9an.

Mikel Lertxundi Galiana

................

Irudia: Belarritako berriak. Egilea: Jacinto Olabe (J. Ignacio Olavek utzitako argazkia).

Dokumentuaren akzioak