Indalezio Ojanguren (1887-1972)
Indalezio izena jarri zioten bere bataioko aita-besoetakoaren omenez, Indalecio Sarasqueta, 'Eibarko Txikito', XX. mendeko pelotari handia. Sasoi hartako eibartar gehienak bezala oso gazte zela hasi zen armagintzan lanean: 16 urterekin hasi zen G.A.C. lantegian.
XX. mende hasieran, Roman Ortuoste argazkilariaren eraginez argazkilaritzarekiko zaletasuna esnatu zitzaion. 1908. urtean, ABC egunkariak argitaratu zuen bere argazki bat: argazki horretan Eibarren urte hartan izandako uholdeak jaso zituen.
Mendizale amorratua zen Indalezio; mendia eta argazkilaritza, zaletasun biak batu zituenez, laster hasi ziren "el fotógrafo águila" deitzen.
1913. urtean, Tolosako argazki lehiaketako saria irabazi zuen, sorbaldan ume bat zeraman emakume baten argazkia zen. Hura izan zen "Tipos Vascos" Indalezioren argazki-bilduma zoragarriaren aurreneko argazkia.
1914. urtean, 27 urte zituela, argazki denda bat ipini zuen. Hortik aurrera era guztietako enkarguak jasotzen hasi zen: Ezkontzak, koadrillak, industria-produktu berriak.
Euskal mendizaletasunaren aitzindarietako bat dugu, ehun mendien lehenengo lehiaketa berak lortu zuen; zazpi bider egin zituen ehun mendiak. 1926ko ekainaren 20an, Elgetan Euskal Herriko Mendizabaleen Federazioa sortu eta urte bira, urrezko domina eman zioten. 1927an omenaldi bat eskaini zioten Izarraitzen, alpinismoaren alde bere argazkien bidez egindako lanagatik. 1934an, merituaren domina jaso zuen.
Eibarko Klub Deportiboaren fundatzaileetako bat dugu; Mendi Batzordearen presidente, zuzendaritza batzarreko kide eta baita Klubaren presidente: kargu guztietan ibili zen buru belarri lanean. 1967an Klubaren Ohorezko presidente izendatu zuten.
Indalezio Ojangurenek ateratako argazkietan denetatik dugu: baserriak, armarriak, ohiturak, monumentuak, mendiak…. Eibarko herriaren lekuko dugu. Armeria Eskolarako ere argazki asko atera zituen, gerra aurretik Eskolara etorritako pertsona ospetsuen argazki gehienak bereak dira.
Gerra ostean ostera erreportaje gutxi egin zituen; beste mota bateko argazkiak dira harrez geroztik atera zituenak. Hala ere Eibarko herria gerra ostean suntsitu ondoren nola jaso zen jakin nahi badugu, derrigorrezkoak zaizkigu Indalezioren argazkiak.
1966. urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partez Jose Artetxe idazlea Eibarrera etorri zen Indalezioaren artxiboa gordetzen zuten kaxak eramatera. Kopia bat Eibarko Udalaren Artxiboan dago gordeta baina jatorrizko argazkiak Gipuzkoako Artxiboan daude, Tolosan. 1988. urtean, Eibarko Udalak erakusketa bat antolatu zuen Indalezio Ojangurenen jaiotzaren 100 urteurrena ospatzeko: 200 argazki baino gehiago egon ziren ikusgai.
Euskal Herriari buruz argazkiekin argitaratutako liburu garrantzitsuenetan, beti topatuko dugu Indalezioren argazkiren bat edo beste: Carreras Candiren "Geografia del Pais Vasco-Navarro", "Euskalerriaren Yakintza"… Asko eta asko dira eibartarraren argazkiak dauzkaten liburuak.
Dokumentuaren akzioak