Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zuloagatarrak

Zuloagatarren familiak izen handi eta itzal handiagoa utzi du Eibarren. Ignacio Zuloaga margolaria izango da jendearen artean ezagunena, baina bere aita Plácido Zuloaga, osaba Daniel Zuloaga eta aitaita Eusebio ere artista bikainak izan ziren XIX. gizaldian.

Placido ZuloagaZuloagatarrak betidanik ziren armaginak, hainbat belaunalditan Erregeren zerbitzura egon ziren  eta kargu handiak eskuratu zituzten armagintzaren alor horretan XVIII. mendeko agiri batzuetan azaltzen denez. Gerora, familiak beste bide bat hartu zuen eta industriaren esparru berriak jorratu zituen. Daniel Zuloaga -Ignacioren osaba- zeramikagile ospetsua izan zen; Segovian zituen labeak; Ignacio hara joan zen bizi izatera eta urte batzuk han pasatu zituen.

Damaskinadore ospetsuenen artean dauzkagu, Eusebio Zuloaga (1808-1898), urrea altzairuan sartzeko berak asmatu zuen modu bereziaren sortzailea da. Haren semea, Plácido Zuloaga, (1834-1910) lgnacioren aita, damaskinatugintzaren aitzindaria dugu. 1870. urtean Ignacio jaio zenean, aitak  bazuen bere tailerra; behar horri demaseko indarra eman zion eta lan paregabeak egin zituen: Loiolako altarea, Prim generalaren hilobia... eta bese hainbat lan eder hari zor dizkiogu.

Ignacio Zuloaga 1870eko uztailaren 26an jaio zen Eibarren, gerratean suntsituta geratu zen "Kontadorekua" dorretxean.

San Andres Parrokian bataiatu zuten pintorea. Jaio eta denbora gutxira, hirugarren karlistada izan zen. Lizarraga karlisten jeneralak Eibar hartu zuen 1872. urteko abuztuan eta Plácidok familia osoarekin Frantziara joatea erabaki zuen. Donibane Lohizunen egon ziren gerratea amaitu arte. Txikitatik ezagutu zuen Ignaciok Frantzia; gerora bere bizimoduan hainbesteko eragina izango zuen herrialdea. Eibarren eskolan ibili ondoren Bergarako Seminarioan sartu zuten. Sekula ez zen izan ikasle saiatua baina gazte-gaztetatikan erakutsi zuen dibujorako zaletasuna eta trebezia.  Aitaren lanbidea ez zuen gustuko eta aitak ingenierutza edo arkitektura ikas zezan nahi arren, semeak beste bide bat hartu zuen eta pintore egin zen. Plácido Zuloagak ez zuen begi onez ikusten ogibide hura, amak semearen alde egin  eta azkenean semea berarenarekin atera zen.

Zuloaga Madrilera joan zen, Velazquez eta El Greco-ren kopiak egiten hasi zen. Goyaren lanak eta Espainiako pintore onenen lanak miresten zituen. 1887. urtean, "Un sacerdote rezando" koadroa bidali zuen Nazioarteko erakusketara. 1888. urtean "Fuente en Eibar" pintatu zuen; Eibarren, 1908. urtean, Lore Jokoetan "Gregorio el botero" koadroa erakutsi zuen. Arrateko Amari zion debozioaren seinale, lau koadro eskaini zizkion, oraindikan han daudenak.

1899ko maiatzaren 18an Valentine Thomas-ekin ezkondu zen Parisko Saint Philippe elizan. Elgetan etxe bat alokatu zuen eta euskal gaiak jaso zituen garai hartan bere koadroetan, "Tipos Vascos" dibujoa ere ordukoa da. 1911. urtean eibartarrek omen egin zioten Astelena Frontoian. Zuloagak orduan esandako hitzak ditugu hauek: Eibarren jaio nitzan, Eibarkua naiz, Eibarkua izango naiz

1924an Nueva York-era joan zen; 52 pintura erakutsi zituen eta arrakasta itzala lortu zuen. 1913. urtean bere Zumaiako etxea amaitu zuen, "Santiago-etxea". Gaur egun huraxe da "Zuloaga Museoa".

Urriaren 13an hil zen Madrilgo "Las Vistillas"en zuen etxe-estudioan. Azaroaren 2an, Donostian lurperatu zuten.

Argazkiak: 1) Placido Zuloagaren damaskinatu lana; 2) Ignacio Zuloaga toreatzen.

Dokumentuaren akzioak