Julian Etxeberria (1875-1948)
Garai hartako lekukoen arabera, txikitatik ikusi zitzaion mekanikarako zaletasuna. 16 urterekin Komertzio ikasketak bukatu zituen eta Soraluzeko kainoi lantegian hasi zen lanean. Handik urte batzuetara, G.A.C. enpresak bertara joateko eskatu zion eta gero Victor Mendizabalek Donostian zuen tailerrean hasi zen lanean; han hasi zen "Campo Giro" delako pistola fabrikatzen.
1909ko ekainaren 26an, bere anaia Bonifazioren laguntzarekin, STAR pistola automatikoaren patentea lortu zuen. Patente hau Jose Cruz "Txantoia" bere aitari laga zion.
1913. urtean, Esperantza lantegiak bere laguntza eskatu zuen Gernikan beste tailer bat zabaldu nahi zuelako baina Eibarko Armeria Eskolako zuzendari izatea eskatu zioten. Baldintza ekonomikoak ez ziren, ez hasieran eta ezta gero ere, oso onak izan baina Eskola sortu berri hari eman zion zuen guztia eta gehiago. Zuzendari izateaz gain Matematika eta Teknologia irakasten zituen; eta hala ere, eskola egunez bakarrik izatea gutxi iruditu zitzaion eta gauez ere klaseak ematen hasi ziren.
Asko eta ona izan zen Julian Etxeberriak Armeria Eskolan egindako lana: prestakuntza industriala eta teknikoa ezin hobea zen eskolan, praktika eta teoria bateratu beharra ikusi zuen. Horri esker, Armeria Eskola Espainia osoko ikastetxe onena izatera heldu zen.
Armeria Eskolako Ikasle ohiek omenaldi bat eskaini zioten 1957ko maiatzaren 30ean.
Dokumentuaren akzioak