Arrate auzoa
Eltzartzagatik hasi eta Zaturioraiño daren terrenuak osatzen dabe hau bailladiau, Zubiaga eta Argiñao errekatxuen eta Arramendi inguruko lurrak barne. Eta ez da larregi aldatu. Izan be, seguru asko, Arrate Ballia izango da gaur egun, Agiñaga baillariakin batera, basarri eta basarritarren mundua onduen gorde daben auzua. Nahiz eta lur aldetik baillara txikixa izan, basarri ugari topatuko doguz auzo honetan eta gehixenak martxan.
Arrate Ballia, esan biharrik be ez dago, Arrateko Basilikian inguruan bizi izan dan (eta bizi dan) baillaria da. Urtietan zihar Arexita eta Arizmendi izenegaz be ezagutu izan da (gaur egun oindiokan han dagoz izen bereko basarrixak) baiña aspaldi hartu zeban gaur egun Euskal Herri osuan hain ezaguna dan Arrate (edo Arriarte) izena. Berori izan da auzokide guztiak batu izan dittuan lekua. Mezetara bertara igotzen ziran, jai ezagunenak be bertakuak ziran eta Arraten egitten ziran pilota partidu bizixenak, idi-proba gogorrenak eta dantzarik ederrenak. Tabernia be (gaur egun Kantabria izenez ezagutzen dana) aspaldittik dago Bekoetxea basarrixan lehelengo pisuan. Baiña Arrate Ballekuen bizitza ez da bakarrik tontor horretara mugatu. Maltzagak be garrantzi haundixa euki dau oin dala gitxira arte. 1955. urte ingurura arte jendez gaiñezka egoten zan jaixero Maltzaga, hango erromerixara inguruetako jende ugari juaten zan-eta dantzara: Arrate Balleko basarrixetakuak, Kiñarrakuak, Azitain ingurukuak eta Soraluzeko basarrittar batzuk be alkartzen ziran Maltzagako bentian inguruan domeka arratsaldia musika giruan pasatzeko asmuakin. Maltzagan bertan beste ermitta bi be bazeguazen, bata Arrate izenekua eta bestia San Rafaelen omenez 1927xan egindakua. Bixak desagertu dira. Laugarren bat be badago auzuan, izen bereko basarrixan aldamenian daguan San Martin ermittia.
Eibarren maldarik ez da iñun falta, baiña malda pikarra nunbaitten egotekotan, Arrate Ballian dago. Hangua bai goittik-beherako bidia! Hala eta guztiz be, lurra nahiko ona da eta, izardi asko bota eta gero, auzoko basarrittarrak uzta ederrak etara dittue urtietan zihar. Garixa eta artu izan dira basarrixan oiñarrixa azken gizaldixotan, baiña beste barazki mordua be batzen da inguruetako lur jorixa aprobetxatuz eta ezin ahaztu mendixak emoten dittuan gaztaiñak eta sagardaua egitteko sagar gozuak. Baiña barazki, gari, fruta, arto, eta gaiñontzekuetaz gaiñera, Arrate Balliak munduko beste auzo batek be emoten ez daben frutua emoten dau. Fruturik ederrena: umiak! Beste herri batzuetako umiak Paristik datozen bittartian, Eibar eta Elgoibar ingurukuok Arratetik bertatik gatoz, han sortzen da-eta bizitza ipoiñ zaharren arabera. Ez hori bakarrik. Umiak bertan sortziaz gaiñera, ezkongai billa dabillenak be Arratera jotzen dau, eta umiak osatu eta bedeinkatzen be badaki Arrateko Amak.
Arrateko basarri esanguratsuenak aittatzeko orduan, lehelengotik hasi eta azkenera arte egin biharko genduke, danak dake eta zer kontau. Batzuk hartzekotan, daken balore historiko eta artistikuangaittik, Sagartegieta, Untzeta eta Barrenetxe dira beti be danon ahotan dabilguzenak. Etxe ederrak dira (Sagartegieta erdi-jausitta dago zoritxarrez, baiña jauregi ederra izan da) eta izen haundixa euki dabe historixan zihar. Ezin ahaztu baiña beste guztiak. Arizmendixak be (Arizmendik, Arizmendiguenak eta Arizmendi Sanjuanguak) sekulako garrantzixa euki dabe baillarian historixan eta badirudi XVII eta XVIII. mendietan Arizmendi basarrixan inguruan antolatzen zala auzuan bizitzia. Horretaz gain, Lezeta, Kutunegieta, Argiñao, Arexita edo Pagoaga be izen ezagunak izan dira Eibarren.
Auzo honetaz berba egitteko orduan ezin dira aurreko gizaldiaren erdikaldera arte martxan egon diran 4 errotak ahaztu. Ezagunena gehixenontzat, Ego errekia zabaltzeko 1994an bota zeben Apalategi izango da. Berori zan haundiña eta inguruko basarrittar gehixenek Ego errekako ura erabiltzen zeban errota zahar honetan ehotzen zeben, bihar haundixa egin eta gero, batutako arto eta garixa. Horretaz gaiñera, Kalamua, Garagoiti eta Aitzetatik behera indarrez jaisten diran ur-lasterren onduan, eraikittako beste hiru errota zeguazen: Barrenetxe-errota, Irunaga-errota eta Osoro-errota. Azken bixak izatez Elgoibarkuak ziran, baiña Eibarko basarri askotatik eruaten zeben bertara gari eta artua. Hirugarrena, Barrenetxe-errota, Barrenetxe basarrixan jabegokua zan eta Sanjuangoa basarrixan azpikaldian zeguan. Honek hiru errotok mende erdikaldera arte egon dira martxan, baiña gaur egun bertan behia jota dare eta sasiz inguratuta.
Auzoko basarrixak
- Arexitabekoa / Arikitxa Haundi, Arikitxa Behekua (Arrate)
- Arexitagoikoa / Arikitxa Txiki, Arikitxa Goikua (Arrate)
- Argiñao (Arrate)
- Arizmendi (Arrate)
- Arratebekoetxe (Kantabria jatetxea)
- Barrenetxe / Barrenetxe (Arrate)
- Barrundi (Arrate)
- Eltzartzaga / Eltzartza (Arrate)
- Gaztelu (Arrate)
- Iñarra (Arrate)
- Kutunegietabarrenengoa / Narru (Arrate)
- Kutunegietaerdikoa/ Erdiko (Arrate)
- Kutunegietaguenengoa / Guenetxe, Guenengua (Arrate)
- Lazareto (Arrate)
- Lezeta (Arrate)
- Lezetaabeletxe (Arrate)
- Mendigoitia / Mendigoitxi (Arrate)
- Mugitzabarri / Muitza Barri (Arrate)
- Pagoagaabeletxe / Paua Abeletxe (Arrate)
- Sagartegieta / Saartei (Arrate)
- Sanjuangoa / Sanjuan(gua) (Arrate)
- San Martin (Arrate)
- Sumendiagabekoa / Sumendixa Behekua (Arrate)
- Sumendiagagoikoa / Sumendixa Goikua (Arrate)
- Umaio / Umaixo (Arrate)
- Untzeta (Arrate)
- Zelaikoa / Zelaikua (Arrate)
Dokumentuaren akzioak